Zinerama Donostiara heldu zenekoa
Zinema areto ohikoen eskaintzaz harago, Donostiak film eskaintza bereziago bat izan zuen 1967ko udan, zineramaren karpa jarri baitzuten Pio XII.aren plazan, Amara Berrin. 1950eko eta 1960ko hamarkadetan, zinemaren mundua irauli zuen sistema horrek.
Zinerama sistema Frederic Waller (AEB, 1886-1954) argazkilariak asmatu zuen 1950eko hamarkadaren hasieran, eta zinemaren industrian eragin handia izan zuen, denbora gutxiz erabili bazen ere. Funtsean, filmak hiru kamera sinkronizaturekin filmatzean datza, ondoren hiru proiektorerekin proiektatzeko, pantaila kurbatu handi batean. Horrela, filmak inguratzen zuelako sentsazioa zuen ikus-entzuleak.
Zinemaren industriak 1970eko hamarkadara arte erabili zuen sistema hori, eta, hain zuzen ere, azken txanpan heldu zen Donostiara, 1967ko udan. Cinerama zioen kartel handi bat buru zuen karpa bat jarri zuten Amara Berriko Pio XII.aren plazan, Eustasio Amilibia kaletik gertu, eta honela iragarri zuten sistema berritzaile horren iritsiera: «Inoiz izan den ikuskizunik handiena».
Urte horretako uztailaren 29an inauguratu zuten, eta Donostiako eta inguruko herrietako jende asko joan zen “inoiz izan den ikuskizun handiena” ikustera, urriaren 15era arte egon baitzen hirian. Karpak hemezortzi metroko altuera zuen, barruan fresko egoteko aire girotua eta 1.032 pertsonarentzako edukiera. Bi saio eskaintzen zituen lanegunetan, eta hiru asteburuetan eta jaiegunetan, 25-50 pezetaren truk.
Zineramaren karpa behin-behinean zegoen Donostian, baina hiriko zinema eskaintzaren parte izatera pasatu zen uda hartan. Handik gertu zegoen Astoria zinema aretoa, eta orduan The Grate Race (Blake Edwards, 1965) Oscar saridun film arrakastatsua proiektatzen ari bazen ere, karpako eskaintza parez pare lehiatu zen Astoriarekin, zinerama sistemaren berritasuna dela eta.
Izan ere, bi film baino ez zituzten proiektatu karpan, zinerama sistemarekin egindako lehenengo biak, hain zuzen ere: This is Cinerama (Merian Caldwell Cooper, 1952) eta Cinerama Holliday (Philippe De Lacy eta Robert Bendick, 1955). Film horiek hainbat paisaia ikusgarrik eta musika eta ekintza kirol ikuskizunek osatzen zituzten. Hau da, ez zuten trama bereziki sakona edo interesgarria, baina formatu berritzaileak eta bere ikusgarritasunak erakartzen zituen ikus-entzuleak.
Izarrak inaugurazioan
Karpa inauguratzeko, Maximilian Schell (Austria, 1930-2014) eta Barbara Werle (AEB, 1928-2013) garaiko aktore ezagunak ekarri zituzten Donostiara.
La Voz de España hedabideak inaugurazioaren hurrengo egunean, uztailaren 30ean, argitaratu zuenez, aktoreak txalo artean jaso zituzten karpako proiekzioa ikustera joan ziren ikus-entzuleek. Goraino beteta zegoen aretoa, eta, tartean, garaiko hainbat agintari zeuden.
Proiekzioa hasi zenean, aipatu hedabidearen arabera, “harridurazko eta mirespenezko marmar batek zeharkatu zuen aretoa”. Izan ere, aurretik inoiz ikusi ez zuten zerbait ikusten ari ziren, filmaren barruan zeudela sentitzen zuten.
Schellek, gainera, gaur egun pentsaezinak diren adierazpenak egin zizkion La Voz de España-ri: “Europako hiri sekretua deituko diot Donostiari, ez bainuen ezagutzen”. Europako herritar batek ez zuen Donostia ezagutzen! Posible al da hori gertatzea turistaz beteriko gaur egungo Donostia honetan?
Geroztik, beste hainbatetan itzuli zen Schell Donostiara, Zinemaldian izan baitzen 1970ean eta 1975ean, zinemagile gisa, Erste Liebe eta Der Richter und sein Henker filmekin, hurrenez hurren. Gainera, biekin Zilarrezko Maskorra irabazi zuen. Zineramaren karpa, aldiz, ez zen berriz itzuli.