Elkarretaratzea egin dute Hedonai estetika zentroko langileen egoera salatzeko
Donostiako Langile Autodefentsa Sareak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo Hedonai estetika zentroaren aurrean, langileen lan baldintza duinak aldarrikatzeko.
Erdialdean dago Hedonai estetika zentroa, eta bertako langileek azaldu dutenez, hilabeteak daramatzate lantokiko baldintzak salatzen: “osasungaitza” dela salatu dute. Besteak beste, “zikinkeria, lizuna eta hezetasunak” dira nagusi haien lantokian. Horren ondorioz, langileen osasunak okerrera egin duela adierazi dute, “gaixotasunak, asmaren areagotzea, sudurreko zauriak” eta abar pairatu baitituzte laneko baldintzak direla-eta.
“Hedonairen aurrean elkartu gara langileen osasunaren eta lan baldintzen defentsan, eta Hedonaik neurriak har ditzan aldarrikatuz. Aldi berean, gatazkaren baitan Hedonaik duen jarrera salatu nahi dugu, langileen egoera are gehiago okertuz eta haien kontrako neurriak hartuz”, adierazi du Donostiako Kontseilu Sozialistak Twitterren.
Izan ere, enpresak ez die langileen eskaerei kasurik egin, eta ez du neurririk hartu haien osasuna bermatzeko, jakinarazi dutenez. Gainera, ordutegi berriak ezarri dizkiete, eta horrek “are gehiago zailtzen du lana eta egoera familiarra” uztartu ahal izatea.
Hori dela eta, borrokara jo dute Hedonai zentroko langileek, Donostiako Langile Autodefentsa Sarearekin batera, eta langileen osasun eta lan baldintzen defentsan, nagusiki, osasun-baldintzak bermatzeko neurriak har ditzala exijitu diote enpresari. Horretarako, lantokian hainbat obra egin ditzala eskatu diote.