III. Nazioarteko Tinatxo Estropada, iruditan
Euskal Itsas Museoak antolatuta, III. Nazioarteko Tinatxo Estropada egin dute gaur Donostiako portuan. Estropada honen helburua gure kostan desagertzen ari den tradizio bat berreskuratzea izan da, txalupa txikietan erabiltzen den arraunean egiteko zinga modua ezagutaraziz. Orotara, 24 pertsonek hartu dute parte, eta, eguraldia lagun, gustura aritu dira uretako kirol honetan.
Estropada 10:00etan hasi da Donostiako portuko kaiarriba arrapalan. Bertan, museoak tinatxoak (egurrezko upelak erdibituak) eta arraunak banatu dizkie partaideei. Kaiarribako arrapalan tinatxoak hartu ondoren, Gurutze Gorriaren ondoan dagoen baliza bateraino joan dira ontzian dagoen arrauna hutsune biribilean ipinita, albo batera eta bestera eraginez. Ziaboga egin eta gero, hasiera puntura itzuli dira berriro.
Estropadak lau txanda izan ditu, eta bakoitzean sei pertsonek hartu dute parte. Txanda bakoitzeko onenek finala jokatu dute azkenik. Jarraian ikus ditzakezue estropada berezi honetako irudiak: