Aitzole Aranetak udal politika utziko du
Datorren urteko udal hauteskundeetan ez da Ahal Dugu-ren Donostiako alkategaia izango.
Ahal Dugu-k jakinarazi duenez, Aitzole Araneta ez da alderdiaren primarioetara aurkeztuko. Beraz, ez da alderdiaren Donostiako alkategaia izango datorren urteko udal hauteskundeetan. Elkarrekin Donostiako bozeramaileak duela hilabete batzuk jakinarazi zion alderdiari udal politika utziko zuela. Araneta sexologoa da, eta bere ibilbide profesionalera itzuliko da.
Alderdiak eskerrak eman dizkio legealdian “egindako ahaleginagatik, dedikazioagatik eta konpromisoagatik”. “Tokiko errealitatetik hurbilago dagoen hiri eredu bat lortzen saiatu da, donostiarren beharretan zentratuago dagoena, justuagoa, berdintasunezkoagoa, feministagoa eta ekologistagoa”.
Ahal Dugu-k hilaren 10ean abiatuko du 2023ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetarako aukeraketa prozesua.