Azaroan hasiko dira Amara kaleko etxe kaltetuak eraisten
Donostiako Udalak biharko Tokiko Gobernu Batzordean onartuko du Amara kaleko hiru etxe eraisteko obraren kontratua. Zehazki, 11., 13. eta 17. zenbakietako etxebizitzak botako dituzte. Moyua enpresari adjudikatu dizkiote lanak 408.000 euroko aurrekontuarekin. Azaroan hasiko dira etxeak botatzen, eta hiru hilabete iraungo dute lanek.
AGM arquitectos enpresak idatzitako proiektua martxoan onartu zuen udalak, 504.621 euroko aurrekontuarekin. Hiru eraikinak udal jabetzakoak dira. “Etxebizitza hauek konpontzeak ez du merezi. Garestiagoa da birgaitzea, bota eta berriz ere eraikitzea baino”, adierazi zuen orduan Eneko Goia alkateak.
2020ko urriaren 27an hartu zuen udal gobernuak Amara kaleko hiru eraikin hustu eta eraisteko erabakia. Udal teknikarien arabera, “egiturazko patologia larriak” dituzte 11., 13., eta 17. zenbakiko eraikinek, eta segurtasun arrazoiengatik botako dituzte. Aldiz, hainbat bizilagun ez daude ados udal teknikarien txostenarekin. Hori dela eta, lau errekurtso jarri zituzten epaitegian, eta arkitektura txosten bat aurkeztu zuten. Horren arabera, eraikinak ez daude “hondamendi” egoeran, eta eraikinek dituzten kalteek ez dute eragiten horien egituretan.
Udalak iragarri zuen hiru eraikinetan bizi diren familiei Morlansen emango dietela aldi baterako bizilekua. Ordea, Amara kaleko 17. zenbakian lokala partekatzen duten Amara Bai auzo elkarteak, Amara Kirol Elkarteak eta Amarako jai batzordeak ordezko leku baten zain jarraitzen dute.
Lursail horietan etxebizitzak egitea aurreikusten du udalak, baina ez dute argitu nolakoak izango diren. Hirigintza saila proiektua lantzen ari dela adierazi du Hirigintza zinegotzi Nekane Arzallusek.