Atotxarreka bideko "gehiegizko" abiadura gutxitzeko neurriak eskatu dizkiote udalari
Añorgan dago Atotxarreka bidea. Azken urteotan, etxebizitza asko eraiki dituzte eremu horretan, eta horrek bideko zirkulazioa areagotu du. Hori dela eta, bizilagun eta guraso batzuek abiadura moteltzeko neurriak eskatu dizkiote Pilar Arana Mugikortasun zinegotziari: “Kale horretan zirkulazio handiaren eta gehiegizko abiaduraren ondorioz bizi ditugun egoerak saihesteko neurriak hartu behar dira”.
Eskatzen dutenari ikusgarritasuna emateko, bizilagun batek radar faltsu bat jarri du Atotxarrekako bidean. Hain zuzen ere, radar bat jartzea da udalari eskatzen dioten neurrietako bat.
Bizilagun batek hedabide honi jakinarazi dionez, lehen eskutitza 2014an bidali zioten Aranari. Bigarrena, berriz, 2015ean, eta, azkenik, radar faltsuari esker jaso dute udalaren erantzuna. Eneko Goia alkateak adierazi du Atotxarrekako radarraren eskaera aztertzen ari dela udala, baina beste eskaera askoren antzera.
Dena dela, radarra ez da bizilagunek eskatzen duten gauza bakarra: “Seinale horizontal eta bertikalak eta segurtasun pasiboko neurriak hobe daitezkeela uste dugu”. Bestalde, gogora ekarri dute udalaren mantentze zerbitzuak oinezkoen pasabideetan jarriak zeuden gomazko sakanguneak kendu zituela. “Batzuk askatzen zirelako eta beste batzuk prebentzioz erretiratu zituzten”. Elementu hauek berriz jartzea eskatzen dute eta bide erabiltzaile guztien, oinezkoen, txirrindularien zein beste auto gidarien segurtasuna bermatzea.
Oinezkoen pasabide bat gurutzatzea eta ibilgailu batekin bidean sartzea “oso arriskutsua” dela gaineratu dute bizilagunek. “Han dabiltzan ibilgailu gehienek abiadura desegokia dute. Gero eta kezka handiagoa dugu konponbiderik gabeko zoritxar bat gertatzeko aukerari dagokionez”.