Borrokan ari diren Hedonaiko langileak kaleratu nahi dituztela salatu dute
Irailaren erdialdetik ari dira borrokan Erdialdeko Hedonai estetika zentroko langileak, Donostiako Langile Autodefentsarekin batera. Langile horietako hiruk baja hartu dutenean, enpresak euren lanpostuak eskaini dituela salatu dute.
Donostiako Kontseilu Sozialistak salatu duenez, aurreko astean, haietako batek baja hartu behar izan zuen, eta enpresak ez zuen ordezkatu: “Beste langileek, lan kargari aurre egin ezinak sortutako egoeragatik ere baja hartu behar izan zuten. Ostiraletik bertatik, enpresa bajan dauden langileen lanpostuak eskaintzen ari da, zentroko serraila aldatu du, eta gakoak aldatu ditu”.
Salatu dutenez, zentroko azpiegitura arazoak direla eta, beharginei osasun arazoak azaleratu zaizkie azken hilabeteetan; izan ere, “kostuak murrizteko”, “osasunarentzat kaltegarriak diren baldintzetan dituzte lanean”, Langile Autodefentsa Sarearen esanetan. Zentroko osasun baldintzak bermatzeko neurriak har ditzala exijitu diote enpresari.
Hitzarmenari lotutako eskaera batzuk egin dizkiote zuzendaritzari: besteak beste, haien ordutegietan izan diren azken aldaketen ondorioz, okerragotu egin direlako lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko baldintzak.
Egoera okerrera
Jakinarazi dutenez, langileek egindako eskaeren aurrean, haien “egoera are gehiago okerragotzea” eta haien “kontrako neurriak hartzea” izan da enpresaren erantzuna: langileak kaleratu nahian ari da zuzendaritza, nahiz eta bajan dauden haietako hiru.
“Bajan dauden bitartean langileak kaleratzen saiatzea antolatzeko hautua egiteagatik zigortzea da”, salatu dute Langile Autodefentsa Sareko kideek. “Osasuna bera arriskuan egonda ere, langileek beren burua defendatzeko duten aukera bakarra ezabatzeak argi adierazten du zein gaitasun duten nagusiek inpunitate osoz jardun eta legea sistematikoki urratzeko, inolako ondoriorik gabe”, gehitu dute.
Datorren ostiralean, hilak 14, 19:30ean elkarretaratzea deitu dute estetika zentroaren aurrean, “nagusien inpunitatearen” kontra.
🔴 ADI! 🔴 Hedonai enpresa borrokan dauden langileak bajan dauden bitartean kalera botatzen saiatzen ari da. Lantokian antolatzeko askatasunaren aurkako erasoei aurre egin! pic.twitter.com/u2p0AgsDrq
— Kontseilu Sozialista Donostia (@Kontseilua_Don) October 3, 2022