Grebara deitu du Ikasle Abertzaleak-ek hilaren 27rako

Hego Euskal Herriko Bigarren Hezkuntzako ikasleei egin die urriaren 27an kalera ateratzeko deia, ‘Hezkuntzan ofentsiba kapitalista gelditu!’ aldarritzat hartuta. Hezkuntzan ofentsiba kapitalista bizitzen ari dela salatu du Ikasle Abertazleak-ek, eta mobilizatzera deitu du “politikarien iruzurrari eta erreformei aurre egiteko” zein “ikasleon arazo errealak gaindituko dituen hezkuntza sistema bat” aldarrikatzeko. Besteak beste, EAEko hezkuntza lege berria jarri du jopuntuan.
EAEn bidean den hezkuntza legeaz gain, LOMLOE, unibertsitateen LOSU legea edota Lanbide Heziketari lotutako Plana salatu izan ditu Ikasle Abertzaleak antolakundeak.
“Aurreko ikasturtean zehar finkatutako erreforma legeen ezarpenarekin hasi dugu ikasturtea, eta hankaz gora da hezkuntza esparrua: ikastetxe eta zentroen noraeza, neurri berri horien guztien gaineko ezjakintasuna eta desados agertu garenon isilaraztea”, esan dute IAko kideek gaurko agerraldian. “Ofentsiba kapitalistak aurrera darrai, eta instituzio eta agintari politikoen kudeaketa ankerrak Kapitalaren erasoa egikaritzen eta bideratzen laguntzen dute”, gaineratu dute: “Horregatik, IAtik, erreforma prozesu horren aurrean antolatu eta kaleak hartzeko deia luzatu nahi dugu”.
Hezkuntza “ofentsiba kapitalista bete-betean”
“Bizitzen ari garen krisi kapitalistaren ondorioz, Kapitala irabazi dinamika ziklo berri bat artikulatu nahian ari da. Krisiak finean dakarrena gizarteko egitura nagusien berregokitzea da”, seinalatu du IAk. Horrek badu isla hezkuntzan ere, ikasleen esanetan: “Hezkuntza sistema kapitalistak aldaketak egin behar ditu bere forman eta edukian. Izan ere, hezkuntza metaketa-ziklo kapitalisten beharren arabera diseinatzen da, eta sistema kapitalistan merkatuak behar duen lan-indarra ekoizten da bertan. Horren ondorioz, elite ekonomikoek norabidetutako eta politikari profesionalek egikaritutako ofentsiba bizi du hezkuntzak”.
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izango dira mobilizazioak. Donostiakoa 11:30ean abiatuko da bulebarretik.