Loiolako kuartelen salerosketa akordioa "gertu" dagoela dio Eneko Goiak
EAEko Auzitegi Nagusiaren sententziari kasazio errekurtso bana jarri diote Donostiako Udalak eta Espainiako Defentsa Ministerioak.
Uztailean, Loiolako kuartelak babestu behar direla ebatzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, Voxen helegitea aintzat hartuta. Sententzia horri kasazio errekurtsoa jarriko ziotela adierazi zuen Eneko Goia alkateak, eta gaur baieztatu du. Donostiako Udalak eta Espainiako Defentsa Ministerioak helegite bana aurkeztu zuten Auzitegi Gorenean, irailaren 27an.
Goiak gaineratu duenez, bi aldeak lanean aritu dira errekurtsoak prestatzeko. Biak desberdinak dira, baina antzeko argudiaketa dutela esan du alkateak. Aldi berean, kuartelen salerosketaren akordioa negoziatzen jarraitu dute, eta hori “gertu” dagoela aitortu du alkateak.
Auzitegi Gorenaren erantzunaren zain geratu ordez, udalak eta Defentsa Ministerioak aurrera egitea erabaki dutela nabarmendu du Goiak.
Epaiaren eskakizunak
Kuartelen eraikin multzoa Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren (EHOBPB) barruan sartzea ebatzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak. EHOBPBaren berrikuspena 2021eko martxoaren 26an onartu zuen udalak, eta horren kontrako helegitea jarri zuen Voxek. Orduan argudiatu zuten kuartelek Plan Berezian sartzeko baldintzak betetzen zituztela.
EAJk 2020ko azaroan lortu zuen Loiolako kuarteletako lursaila udalaren esku geratzeko akordioa. Madrilen adosturikoaren bidez, udalak Loiolako kuarteletako lursaila Defentsa Ministerioari erosiko lioke, birkalifikatze prozesu bat egin ondoren. Udalaren aspaldiko eskaera da hori, Urumeako ibarrean urbanizatzeko gelditzen den lursail bakarra delako. Hogei hektarea inguruko azalera du, eta udalak etxebizitzak egin nahi ditu han.