Udalak 807.000 euro handituko du kolektibo ahulentzako aurrekontua
Udalak Gizarte Larrialdietarako Laguntzen arloan izango duen aurrekontua 2,6 milioitik 3,5 milioi eurora pasako da.
Elikaduraren eta energiaren oinarrizko gastuei aurre egiteko, kolektibo ahulentzako laguntzetara bideratutako aurrekontua handitzea erabaki du udalak. Zehazki, handitu egingo dira Gizarte Larrialdietarako (GLL) eta Lan Partekatuaren Plana Babesteko (APPTC) laguntzak.
Eneko Goia alkatearen arabera, “energiaren kostuaren eta oinarrizko beharren igoerarekin, beharrezkoa ikusi dugu laguntzak eskuratzeko baldintzak aldatzea, premia duten pertsona eta familia guztiengana iristeko”.
Horrela, udalak Gizarte Larrialdietarako Laguntzen arloan izango duen aurrekontua 2,6 milioitik 3,5 milioi eurora pasako da. Honek esan nahi du 807.000 euro gehiago erabiliko direla elikaduraren eta energia gastuen oinarrizko beharrak asetzeko. Igoera honen jatorria Isuri erreskate funtsa da. Eusko Jaurlaritzak aktibatu du funts hau, Ukrainako gerrak EAEn eragindako ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko.
2021ean, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen bidez, guztira 1,7 milioi euro bideratu ziren etxebizitzarekin lotutako gastuetarako, eta 1,1 milioi energia-gastuetarako.
Bestalde, Lan Partekatuaren Plana Babesteko diru laguntzak emateko irizpideak aldatuko dituzte: GLL dirulaguntzak emateko finkatutako irizpideak APPTC delakoak emateko erabiliko dira. Aldaketa honen helburua da diru laguntzen irismena zabaltzea eta, modu honetan, kolektibo eta pertsona zaurgarri guztietara iristea. Udalak bere gain hartzen ditu aldaketa honek eragindako gastu guztiak.
Bi kasuetan, jaso beharreko hileko gehieneko zenbatekoek honako igoera hauek izan dituzte: kide bat duen bizikidetza unitate (BU) batentzat, 250 eurotik 360 eurora; bi kideko bizikidetza unitate batentzat, 300 eurotik 465 eurora; eta hiru kide edo gehiagoko bizikidetza unitate batentzat, 350 eurotik 515 eurora.
2021ean, udalak 972.471 euroko funts propioekin lagundu zien ekonomikoki ahulenak ziren familiei.