Victor Lasa proposatu du Ahal Dugu-k Donostiako alkategai izateko
2019ko udal hauteskundeetara aurkeztu zen Elkarrekin Donostia koalizioarekin, Equo Berdeak alderdiko ordezkari gisa.
Ahal Dugu-k bihar jakinaraziko ditu ofizialki Donostiako eta Gipuzkoako primarioetarako proposatu dituen hautagaiak. Horrela ere, hedabide batek aurreratu du Victor Lasa Briz donostiarra izango dela Donostiako alkategai izateko proposatuko dutena. IRUTXULOKO HITZA alderdiarekin harremanetan jarri da, eta hautagaitza hori baieztatu ahal izan du.
Ingurumen eta jasangarritasun gaietan aditua da Lasa, eta 2023ko Donostiako udal hauteskundeetara aurkezten bada, ez da lehen aldia izango. Izan ere, 2019ko udal hauteskundeetara aurkeztu zen Elkarrekin Donostia koalizioarekin –Ahal Dugu, Ezker Anitza eta Equo Berdeak alderdiek osaturikoa–. Lasa Equo Berdeak alderdiaren hautagaia izan zen, eta zerrendako laugarrena. Elkarrekin Donostiak hiru zinegotzi lortu zituen, eta, beraz, udal taldetik kanpo geratu zen.
Hilaren 10ean hasi eta azaroaren 4an bukatuko dira Ahal Dugu-ren primarioak.