Auzoa biziberritzeko festak antolatu dituzte
Martuteneko jaiak berreskuratzeko unea iritsi da. ‘Km O. Hemen bizi. Hemen erosi’ lelopean egingo dituzte hilaren 8tik 16ra. Kontzertu erakargarriak antolatu, eta sagardo egun eta herri bazkari arrakastatsuen eskaintza hobetu dute.
Tabernarik eta dendarik gabe geratzen ari da Martutene. Beraiek dira hein handi batean auzoko festak babesten dituztenak. Horregatik, jai batzordeak Martuteneko establezimenduak omentzeko eta laguntzeko leloa hautatu du aurtengo jaietarako: Km 0. Hemen bizi. Hemen erosi. «Auzoa bizirik mantendu nahi dugu, eta horretarako garrantzitsua da dendei eta tabernei laguntzea», dio jai batzordeak.
Bi urteko etenaren ostean, Martuteneko jaiak bihar hasiko dira eta hilaren 16an bukatu. Guztira, sei eguneko egitaraua prestatu dute. «Bi urte pasa diren arren, ez gara geldirik egon. Gure ohiko kamisetak egin eta auzoko establezimenduetan salgai jarri ditugu. Horrekin batera, loteria eta zozketak antolatu ditugu jaietarako dirua biltzeko».
Aurten, nobedade gisa, lokal bat egokitu dute jaietako materiala saltzeko. «Martutenen badago denda txiki bat Armeria Palacios izenekoa. Urteak daramatza itxia. Lokalaren jabea auzoko gizon bat da, eta eskerrak eman behar dizkiogu erabiltzeko aukera eman digulako. Denda moduko bat prestatu dugu Martuteneko Jaietako kamisetak, zapiak, poltsak eta jertseak saltzeko. Astelehen, asteazken eta ostiraletan irekitzen dugu, arratsaldetan», azaldu dute.
Festen antolaketari dagokionez, inoiz baino lehenago hasi direla aitortu dute, eta jai batzordea indartzeko saiakera egin dutela: «Bost pertsonak osatzen dugu jai batzordea, baina auzoko guraso batzuen laguntza ere badugu. Dena dela, gazteak sartu nahi ditugu jai batzordean, beraiek ere mugitzen hasteko». Auzoko adin tarte guztientzat jarduera interesgarriak antolatzea dute helburu.
Kontzertuen eskaintza
Musikalki apustu berezia egin du jai batzordeak, jendea erakartzeko eta auzoko tabernak laguntzeko. «Auzotarrei zerbait eskaintzea gustatzen zaigu. Aurtengo jaietarako erabaki genuen kontzertu onak antolatuko genituela», nabarmendu dute.
Hilaren 11n, Burrunba taldea Xabier Solanorekin batera ariko da parkean, eta aurretik Patxuko Nice bandak joko du. «Burrunbak emanaldi berezia egingo du. Normalean kalea alaitzen aritzen dira, baina taula gainetik ariko dira oraingoan. Xabier Solanok beraiek hiru bat abesti joko ditu. Auzoan eta inguruan interesa piztu duen kontzertua da».
Hilaren 15ean, berriz, Los Zopilotes Txirriaos nafarrak ariko dira jaietan. «Nahiko xelebreak dira, eta auzora ekarriko ditugu beraien festa bihurria eskaintzera». Bestalde, Laiotz plaza taldeak emanaldi bikoitza egingo du parkeko karpan hilaren 14an, eta egun berean Black Smoke rock taldea ariko da Trinkete kalean.
Martutenen ere, sagardoa kopan
Jaietako egunik garrantzitsuena Sagardo eguna izan ohi da. Hilaren 12an egingo dute Arantzazuko Ama ikastolaren patioan, eta nobedade bat izango du. Donostiako Sagardo egunean gertatu antzera, sagardoa kopan dastatu ahal izango da. «Sagardogileek hala erabaki dute. Artisau azoka ere egongo da, eta bakailao txapelketa, nahiko arrakastatsua izaten dena», dio jai batzordeak.
Hilaren 15eko herri bazkariak ere harrera beroa izaten du auzoan. Hori dela eta, eskaintza «eleganteagoa» prestatu dute: «Bi urteren ondoren, zerbait berezia antolatu dugu. Zapoa eta txuleta parrilan eginda jateko aukera egongo da. Garestiagoa izango da, baina bazkari txartelen salmenta oso ondo doa».
Martuteneko herritarrak festarako gogoz daudela dio jai batzordeak: «Auzoa biziberritzen laguntzeko sei egun izango dira».
Egitaraua: Martuteneko jaiak 2022