Kutxabankek 2.500 hipoteka saldu dizkio putre funts bati, eta hamaika familia kale gorrian geratzeko arriskuan daude
Donostiako hiru familiaren egoera oso larria dela ohartarazi du Kaleratzeak Stop plataformak.
Agerraldia egin du Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformak Erdialdeko Garibai kalean, Kutxabanken egoitzaren parean. Salatu dutenez, Kutxabankek Zima Finances putre funtsari 2.500 hipoteka saldu dizkio, 240 milioi euroren truke. Salmenta horren bidez, Kutxabankek bere emaitza kontua txukundu nahi izan duela salatu dute plataformakoek.
Mailegu hauetako asko “egoera zaurgarriarengatik ordaindu ezin izan dituztne hainbat euskal familien ohiko etxebizitzekin lotutakoak dira”, eta, beraz, EAEko epaitegietan etxegabetze demandak irekita dituzte.
Uztailean eta abuztuan kaltetu guztiek Kutxabanken burofaxak jaso zituzten, Dublinen egoitza duen eta Espainian Servihabitaten bidez kudeatzen den inbertsio funtsari hipoteka maileguak saldu zizkiotela jakinaraziz.
Eusko Jaurlaritzari galdera luzatu diete plataformako kideek, ea jakinaren gainean dauden eta ea, zerbait egiteko prest ote dauden, euskal familia hauen egoeran bitartekari egiteko: “Eusko Jaurlaritzak zaldu egin beharko du familia horiek nola babestuko dituen eta etxebizitza duin bat bermatuko dien, etxegabetzeak gauzatzen badira”.
Donostiako hiru familia, egoera oso larrian
Marian Rodriguezen kasua gogorra da, baina “oso ohikoa, ohikoegia” plataformaren arabera. Hogei urte baino gehiago darama Aieteko Katalina Eleizegi kaleko babes ofizialetako etxeetan bizitzen. Duela urte batzuk, senarrarengandik dibortziatu, eta senarrak, zegokion zatia ordaintzeari utzi zion, Rodriguez hiru semeren kargu utziz. Rodriguez langabezian geratu zen, eta egun “ahal duen gauzetan” egiten du lan. Bere hipotekaren zatia ordaintzen duen arren, senarrarena ezin du bere gain hartu eta Kutxabankek bere hipoteka saldu egin du. Uztailean jakinarazi zioten, burofax baten bidez. Rodriguez “benetan lur jota” zegoen, ez zekiela zer egin, eta plataformari esker, “burua pixka bat altxatzea” lortu du: “Benetan eskertzen diet guregatik egin duten guztia”.
Sandra Bonen kasua ezberdina da. Lokal bat erosi zuen Groseko Zabaleta kalean, negozio bat irekitzeko, eta abal moduan gurasoen etxea jarri zuen. Kutxabankek burofaxa bidali zien abuztuan, etxea desjabetuko zutela jakinaraziz: “Gurasoak bizitza osoan zehar bizitzen egon diren etxea da Altzakoa, eta, gutxi balitz, ordainduta dago”. Malkoei ezin eutsiz kontatu du bere bi gurasoak bertan bizi direla, eta, egun gaixorik daudela; ama, minbiziarekin.
Hirugarren familia ezin izan da bertaratu, baina egoera “antzekoa” dela adierazi dute. Esan dutenez, hau ez da kasualitatea eta negu “oso gogorra datorrela” espero dute, eta “denon artean” mobilizatzen jarraitzeko deia egin dute.
Gaurko prentsaurrekoan EH Bilduko, Elkarrekin Donostiako, LABeko, CCOOko eta Larratxoko Caritaseko ordezkariak izan dira.