Askabideren ondoan protestak egitea debekatu du epaile batek

Amarako Askabide klinikara abortatzera doazen emakumeei jazartzen dietenek aurrerantzean ezin izango dute osasun zentroa dagoen lekutik ehun metrora gerturatu. Donostiako epaile batek arrazoia eman dio Askabide klinikari, eta aintzat hartu du abortatzeko eskubidearen aurkako protesten harira hark jarritako salaketa.
Berria-k jakitera eman duenez, aste honen hasieran hiru lagun identifikatu zituen Ertzaintzak, Askabide parean protestan ari zirela. Askabidek salaketa jarri zien eta horren harira hartu du erabakia epaileak.
Urteak dira Amarako Askabideren parean jazarpena egiten dutela hainbat talde katolikok. Azken hilabeteetan, ordea, eskuin muturraren gorakadarekin batera, bestelako mobilizazio eta gatazkak sortu dira bizilagunekin, auzoko mugimendu feministako kide bat kolpatzeraino. Mugimendu feministak izugarrizko mobilizazioa egin zuen ‘Rezar no es un delito’ eskuin muturreko taldearen mobilizazioari aurre eginez.
Joan den apirilaren 14an indarrean sartu zen Hego Euskal Herrian haurdunaldia eteten duten kliniken aurrean abortuaren aurkako protestak egitea debekatzen duen legea. Legea indarrean egonda ere, poliziak ez ditu eragotzi abortuaren aurkako protestak.
Salatu dutenez, Askabideko langileek askotan eskatu diete poliziei jazartzen ari zirenak identifikatzeko, baina ertzainek entzungor egin diete eskaerei.