"Meza santuaren sindromea sartzen zaigu, bogan dauden iritziak hartu eta polit jartzen aritzen gara"
Igandean Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken saioa jokatuko da Lizarrako Los Llanos aretoan (Nafarroa). Final laurdenean arituko dira Unai Gaztelumendi Arandia (Añorga, 1988) eta Asier Azpiroz Iztueta (Zubieta, 1991) donostiarrak. Haiekin batera, Aitor Bizkarra Ruiz, Imanol Uria Albizuri, Iñigo Mantzizidor Larrañaga 'Mantxi' eta Maialen Akizu Bidegain ariko dira. Gaztelumendik bigarren aldia du txapelketa nagusian; Azpirozek, lehena. Elkarrekin prestatzen ari dira kanporaketa, eta hitzordua jarri dugu, saioa nola ikusten duten galdetzeko. Elkarrizketa gertutik jarraitzen ari da Beñat Gaztelumendi Arandia. Bera final erdietara doa zuzenean, Durangon (Bizkaia) azaroaren 12an.

Asier Azpiroz (A.A.): Nahiko kanpo bizitzen aritu naiz aurten. Entzule moduan orain baino gertuagotik bizi izan ditut txapelketak; ume jaio berri bat dugu eta, orain arte beste leku batzuetan izan dut burua. Aste honetan etorri zait dena batera, eta horrekin, urduritasuna. Ez dakigu, gainera, berriz ere Txapelketa Nagusian parte hartzerik izango dugun, eta saio on bat egiteko ilusioarekin ere banabil.
Unai Gaztelumendi (U.G.): Ni sentsazio horrekin geratu nintzen, duela bost urte. “Agian behin bakarrik kantatuko dut hemen eta ongi egin behar”. Egoerak jan egin ninduen, eta ez daukat oso oroitzapen ona; txikituta bezala, horrelako plaza handi batean. Orain tenple gehiagorekin topatzen dut nire burua, lasaiago. Behintzat orain badakit zer den, eta beste batzuk ikusten ditut ni orduan nengoen egoeran.
A.A.: Gertatzen zaigun beste gauza bat da, bertsoarekin dugun harremana oso joan etorrikoa dela. Bi urtetan apenas aritu gara plazan. Santa eskean eta inguruan tokatzen diren gauza batzuetan. Txapelketa etortzean pilak jarri behar izan ditugu, eta niri behintzat izugarri kostatzen zait arrankatzea, makinaria martxan jartzea berriz. Beldurra ematen dit ere plazan ez aritzean burua nola egongo den, eta baita ere, jendearengan zer funtzionatzen duen apur bat jokoz kanpo zabiltzala: zuretzat bertso ona dena, kantatu ostean ez duzu jasotzen feedback bera jasotzen. Salbatzeko adinako saioa egingo dugula badakit, baina mila faktore daude, eta nire kasuan behintzat, aurrera joateko nire saio on on bat egin behar dudala, erdibideko batekin ez daola.
U.G.: Gipuzkoako txapelketan finalerdiak arte zure buruari emaitza bat eskatzen diozu, baina hemen ezberdina da. Aukerak baditugu, baina oso saio onak egin behar ditugu. Hala ere ni ez noa emaitzari begira, gehiago azken urteetan hitz egin ditugunak praktikan jartzera.
Zer da bada, hitz egin duzuen hori?
A.A.: Txapelketa, azken finean, mikroklima moduko bat da, oso berezia. Txapelketan funtzionatu dezakeen bertso bat, Añorgako festetan surrealista izan daiteke. Doinuak aldatzen dira, gaiak aldatzen dira, dena aldatzen da. Txapelketan ezin da plazan bezala egin kantuan. Nik nahiko nukeena adibidez, binakako saioetan nirea soilik egin beharrean, kidearekin elkarrizketa bat sortzea. Eta saiatu ahalik eta bertso lurtarrenak botatzen. Txapelketak duen aura hori apur bat desmuntatu. Meza santuaren sindromea sartzen zaigu, bogan dauden iritziak hartu eta polit jarri eta horrela aritzen gara. Hori egingo dugu, baina baita ere elkarrizketak sortu, eta hizkera “normalago” bat egin. Plazatik ez erabat aldendu.
U.G.: Nik pisu pixka bat kendu nahi diot. Gaiari arrazoiketa handiagoa eta transzendentzia handiagoa emateko gai direnak badaudela, eta gure tokia beste bat dela, egunerokoan pentsatzen eta kantatzen ditudan gaiei buruz aritzea nahiko nuke.
A.A.: Gure kasuan ere, Gipuzkoarrak gara, eta orain ertzetako diskurtsoak interesgarriagoak dira. Euskal mundutxoan dugun posizioa hori ere da. Ez gara interesanteenak, eta besteen banderak hartzea ez zaigu tokatzen, eta ez dugu nahi ere. Ordun gure ekarpena izango da gure posizioari fidelak izatea eta ahozkotasunetik gertu dagoen moduan abestea.
Nola prestatu zarete?
U.G.: Lehengo urteko Gabonen bueltan hasi ginen biltzen, Donibane Garazitik etorri zen Mattin Lukuk proposatuta; kontziente ginen txapelketa zetorrela, baina ez horregatik. Denborarekin joan gara txapelketara moldatzen gure saio hauek. Gu hiruoz gain, Beñat Gaztelumendi etorri izan da, baita Donostian bizi den Aitor Etxeberriazarraga bizkaitarra gurekin aritu da ere.
Alde handia al dago saio hauek eta bestelakoak prestatzen?
U.G.: Desoreka handiegia dago bakoitzari eskaintzen diogun tartean. Gertatu izan zait, jaialdiren batera joan edo herriko festetara, eta batere prestatu gabe, eta txapelketan ez dakit zenbat arratsalde… eta gero bakoitzak ematen dizuna antzekoa izan daiteke.
A.A.: Txapelketa moduan jarri behar zara, oso ezberdina delako. Gu aritzen garen saio askotan ez dago gai jartzailea ere. Agian 80 bertso botatzen dituzu, baina beste molde batean, beste gai batzuk, beste diskurtso bat; erabat ezberdina. Emaitza baten bila ere aritzen zara, kontrakoa esaten duzun arren, saiatzen zara funtzionatuko duen hori egiten.
Jarraitu dituzue beste saioak? Nola ikusten duzue aurtengoa?
U.G.: Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan saiatzen zara zure mailaren arabera kokatzen, baina hemen ezinezkoa da; denek egiten dute oso ondo! Nibel handia dago.
A.A.: Txapelketa hau izango da belaunaldi aldaketa, edo behintzat, bere sendotzea emango den txapelketa. Aurrekoan zantzu batzuk ikusi ziren, eta oraingoan egonkortu egingo da. Bai belaunaldi batean eta baita plazan dabil: Oihana Iguaran, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin, Ane Labaka, Nerea Elustondo… Puntuaziotan altuenak haiek dira, eta plazaren errealitatea hori da. Ez da erreza zure tokia topatzea, eta nik uste dut final laurdenetan ikusitako hau finalerdietan ikusiko dugula ere. Eta espero dut finalean ere, belaunaldi honek aurrekoan hasitako bidea gehiago garatuko duela.
U.G.: Añorgako bertso eskola behetik sortutako zerbait izan da, kuadrilla gazte bat hurbildu zitzaigunean bertsotan aritu nahi zuela eta. Ez da, beraz, txapelketa bakarrik, inguru bat sortzen ari da eta poz horrekin ere banoa: txapelketara noa, baina gero Añorgan jarraituko dugula.
Ez da kasualitatea hiru Donostiar egotea txapelketan, eta hiruak Añorgakoak.
A.A.: Unai eta Beñat egon izanak zer ikusi du ni egotearekin, noski. Ane Labaka ere Amasorrainen ikasitakoa da, eta Donostian badaude bertan bizi diren bertsolari gehiago.
U.G.: Ez dut uste Añorgan bereziki landu denik. Gu umeak ginenean ez zegoen ezer berezirik. Legitimatu gaituen inguru bat izan dugu, bai –zeren gure kuadrillan inori ez zitzaion interesatzen–, baina ez duigu izan egundoko lanketa. Giro bat ahalbidetu da,
A.A.: Esango nuke Donostian sekula baino bertsozaletasun handiena dagoela, eta bertsolariak ere. Añorgako eskolaren antzera, badira beste batzuk, eta saioetan beti dago jendea. Bertsozaletasuna forma onean dago Donostian. Badugu irudia Donostia bertsoarentzat basamortua dela, eta ez da horrela.
Beñat Gaztelumendi: Erantsi dezaket zerbait? [albotik jarraitzen egon da orain arte elkarrizketa osoa] Donostia ez da izan bertsolari asko eman dituen lekua, baina oso bertsozalea izan da beti, eta saioek beti oso ondo funtzionatu izan dute. Justu gure aurretik Joxemari Altuna Antiguan edo Josu Zelaia hemen irakasle… Horiek bai topatu zutela desertu bat bertsolariei dagokionean. Eta horiek lehen bertso eskolak sortu zituzten. Jarraian aritu ziren Manex Mujika eta Iker Alustiza, eta horiek baita ere bakarrik aritu izan dira. Gu lan horren emaitza gisa etorri gara. Guk beti izan dugu inguru bat eta zorte handia.
A.A.: Ideia oker bat dago eta: bertsolariak ez dira Abaltzisketan ateratzen; bertsolariak ateratzen dira bertso eskolak dauden tokietan. Tolosaldean eskola indartsua daukate, eta eskolarteko txapelketan sei edo zazpi joan dira, Azpeitikoan beste hainbeste. Zaletasuna egon daiteke herri batzuetan, baina bertsolari gehiago dago Algortan Beasainen baino.
B.G.: Eta ez da kasualitatea ere, Donostiako Piratak sortu ziren urtean gu bertsotan hasten ari ginen garaian, Amara Berriko jaietan ere urte pila batetan aritu gara, Loiolako Gaztetxean, Kortxoenea Gaztetxean… Inguru horrek plazak eskaini zituen gure adineko jendeak kantatzeko. Eta hori zaila da leku askotan.
Nolakoa espero duzue igandeko saioa?
A.A.: Unai eta biok hemen geratu gara 14:30etan eta elkarrekin joango gara Lizarrara. 15:30ean izango da eta zozketa. Igandeko saioa baino izen handiagoak dituzten saioak izan dira, askok lehen aldiz egingo baitugu. Azken kanporaketa da, eta jende asko matematikak egiten arituko da, nor pasako den eta nor ez. Espero horrek oholtza gainekoa ez oztopatzea eta saio polita eskaini ahal izatea.
U.G.: Gustura kantatzera eta ahalik eta saio borobilena egitera goaz. Eta etorriko da etorri behar duenak. Emaitza baten bila ez naiz joango ni, behintzat.
A.A.: Eta emaitza edozein dela ere, elkarrekin itzuliko gara [barreak].