Colectiva Kalea egitasmoak artea eta tokiko merkataritza uztartuko ditu
Grosen dinamizazio jarduera bat sortu dute tokiko merkataritza eta artea elkartzeko. Colectiva Kalea izena jarri diote egitasmoari, eta bere helburua ondorengoa da: kaleko emanaldi eta ikuskizunekin, merkataritzaren, musikaren, artearen eta kulturaren arteko sinergiak lortzea. Donostiako Sustapenak, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailak, San Sebastian Shopsek eta Groseko Arteuparte, Miner eta Azala saltokiek elkarlanean antolatu dute. Gaur goizean egin dute aurkezpena udaletxean.
Lankidetza publiko eta pribatuko proiektu pilotu bat da, eta, lehenik eta behin, Gros auzoko Kale Berriaren eta Kolon pasealekuaren arteko plazan garatuko dute. “Oso positiboak dira merkataritza, artea eta tokiko kultura auzo ingurune batera hurbiltzeko dinamika horiek, hiriko beste eremu batzuetarako erreferente izan baitaitezke”, azaldu du Ekonomia zinegotzi Marisol Garmendiak.
Egitasmoaren abiapuntu gisa, lau kultur jarduera antolatu dituzte datozen hilabeteetarako. Paul Lataburu Arteuparteko arduradunak eman ditu xehetasunak. Lehendabiziko emanaldia hilaren 15ean izango da. Gartxot Unsain musikari donostiarrak Ghau proiektua aurkeztuko du Osa Mujika dantzariarekin batera, 19:00etan. Bigarren emanaldia, berriz, abenduaren 17an izango da, eta, gainera, egun osokoa. Gabonetako merkatuan izango dira aipaturiko hiru saltoki sustatzaileak: Miner, Azala eta Arteuparte.
Datorren urteari begira, otsailaren 11n Maria Berasarte musikaria eta Jaime de Losrios artista elkarrekin ariko dira, 19:00etan. Azkenik, apirilaren 29an, ordu berean, Katak artistak emanaldi berezia eskainiko du artista grafiko gonbidatu batekin. Kultur emanaldi guztiak Groseko aipaturiko plazan izango dira.