Donostia koloniala ezagutuko dute urriaren 12an, Donostia dekoloniala aldarrikatzeko
Urriaren 12an, Hispanitatearen Egunean, ohikoa den moduan hainbat protesta eta ekimen antolatu dituzte Donostiako herri mugimendu eta mugimendu politikoek. “Kolonialismoaren garaiarekin amaitzeko”, ibilbide komentatua antolatu dute asteazkenean, 11:30ean Konstituzio plazatik abiatuta.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “hainbat espazio militantetan topo egiten duten jatorri anitzeko pertsonek” antolatu dute egitasmoa. Plataforma bat sortzekoak dira, Donostian jatorri eta kultur aniztasuna oinarri duen mugimendu politiko bat sortzeko. Horretarako lehen urratsa, Donostiaren historia kolonialista ezagutzea izango da.
Antolatzaileen ustez “Kolonialismoak botere harremanak arautzen ditu oraindik. Eta konkistatuak izan ziren herrietako biztanleok ez dugu ezer ospatzeko, are eta gutxiago zapalduta jarraitzen duten pertsonek. Kolonizazio prozesua ez da amaitu, ez munduaren hegoaldean, ez mendebaldeko munduan”. Atzerritartasun Legea aipatu dute horren adibide, “duela 500 urte konkistatuak izan zirenen ondorengoek zapalkuntza egoera berean jarraitu behar dute”.
Dekolonialak izatearen garrantzia nabarmendu dute, “pribilegioak auzitan jarri eta indarrean dauden botere hierarkietan sakontzeko, eurozentrismoa eta harekin batera errotutako arrazakeria kolokan jartzeko”.
Helburu horrekin antolatu dute Parte Zaharra eta Okendo Plaza artean ibilbide komentatua. 11:30ean hasiko dute ibilaldia Plaza Berrian “inposizioz Plaza de la Constitución”. Lehen geldialdia Santa Maria elizan egingo dute, ostean Trinitate plazan eta amaitzeko Okendo plazan.
Whatsapp bidez zabaldu dituzten bideotan, Jone Forcada euskaltzaleak, Doris Alonso Velasquez eta Oihane Bakedano Maidagan LABeko kideak, Aby Athman ekintzaile sahararrak eta Adur Tolosa Ikamako kideak bat egin dute deialdiarekin.
Gaur eta bihar mobilizazio gehiago
Bestelako deialdiak ere izango dira asteazkenerako. Aske antolakundeak manifestazioa antolatu du 12:30ean Egiako epaitegitik abiatuta Indar errepresiboak suntsitu lelopean. “Euskal Herriak pairatzen duen nazio zapalkuntzaren adierazle garbia da” egun hau, haientzat.
Amara Berriko jaien hasierak urriaren 12arekin bat egiten duenez, NAN arrotzen jaurtiketa eta Poteo Fatxoa antolatu dituzte, 13:00etatik aurrera.
Gaurko egunez ere, beste bi mobilizazio izango dira: EH Bilduk Loiolako kuartelen parean egingo du elkarretaratzea Alde hemendik lelopean, 18:30ean. Koalizioaren arbuiatu duenez, “herri honek bakea eta bizikidetzaren aldeko apustu irmoa egin duen arren”, oraindik “presentzia armatua jasan” behar du.
Sahararen aldeko ekimenak ere hainbat jarduera antolatu ditu gaur arratsalderako; urriaren 12a Saharar Batasun Nazionalaren Eguna ospatzen baita, Hispanitatearen Egunari erantzunez. Hitzaldia izango da Parte Zaharrean 18:00etan eta 19:30ean kontzertua bulebarrean. Hona hemen egitaraua osorik.