Donostiako bi ehorztetxe zigortu ditu Lehiaren Euskal Agintaritzak
Errekaldeko beilatokia. Lehiaren Euskal Agintaritzak 166.920 euroko isuna ezarri die Donostialdeko Beilatokia S.A. ehorztetxeari eta bere matrize Rekalde 21 Corporacion S.L. ehorztetxeari (Vascongada Ehorzketak izenarekin funtzionatzen du, Errekalden), “jabari posizioaren abusuarengatik”.
Abusuzko jokabideak egitea leporatuta zigortu dituzte ehorztetxeak, bereziki, gehiegizko prezioak ezartzeagatik eta beste enpresa batzuk diskriminatzeagatik, besteak beste, bezeroak beilatoki eta errausketa zerbitzuak bateratzera behartuz. Azken jokabide hori “larritzat” hartu du Lehiaren Euskal Agintaritzak.
Donostialdeko Beilatokia S.A. jo dute jokabide horien erruduntzat, eta, ondorioz, bere matrize Rekalde 21 Corporacion S.L. ere bai. Bestalde, Memora Servicios Funerarios S.L.U. enpresa taldearen barruan dago Rekalde 21 Corporacion S.L.
2020an abiatu zuten ikerketa, eta 2021eko apirilaren 6an ireki zieten ehorztetxe horiei zigor espedientea. Zigorra ezarri diete orain, baina ehorztetxeek helegitea aurkeztu dezakete oraindik.

