Ekialdeko Barrutiaren egoitza egokitzeko aurrekontua igo du udalak
Donostiako Udalak otsailean iragarri zuen Altzako Udalinfo bulegoa eta Ekialdeko Barrutiaren egoitza Jolastokietan jarriko zituela. Martxoan onartu zuten hasierako proiektua, baina lehiaketa publikora ez zen enpresa bakar bat ere aurkeztu. Hori dela eta, kontratua aldatu eta aurrekontua %20 igo dute. Orain, 415.551 eurokoa da –346.292 eurokoa zen–, eta gauzatzeko epea sei hilabetekoa. Eneko Goiak adierazi du materialen eta energiaren garestitzearen ondorioa dela.
Lokalak 250 metro koadroko azalera izango du, eta Harrobieta plazako 17. zenbakiaren beheko solairuan kokatuko dute. Bertsolari Txirrita pasealekuaren ondoan dago aipaturiko plaza. Udalinfo herritarrentzako arreta bulegorako areto bat izango du, hiru posturekin –44,40 metro koadro–, eta Ekialdeko Barrutiko batzordearentzako eremu bat, ondorengo ezaugarriekin: bi bulego –22,60 eta 13,10 metro koadro–, eta bilera eta batzar areto bat –71 metro koadro–, itzulpen gela –3,85 metro koadro– eta instalazio aretoa –13 metro koadro–. Bestalde, bi komun –13,60 metro koadro–, eta langileentzako bulego bat –11,25 metro koadro– izango ditu.
Sarreratik Udalinfoko gunera sartu ahal izango da zuzenean, eta han bulego ordutegitik kanpo erabili ahalko diren bi autotramitazio makina berri jarriko dituzte.