Auzoan geratuko dira Amara Bai eta Amara Kirol Elkartea
Negoziazio luze baten ondoren, Amara kaleko 21. zenbakian dute lokal berria, frontoiaren parean.
Amarako gune “garrantzitsu” eta “sinboliko” bat berreskuratu du Amara Bai auzo elkarteak. Iragarri dutenez, Amara kaleko txakurtegi zaharrean izango dute lokal berria. Auzoko frontoiaren parean dago, Amara kaleko 21. zenbakian. Amara Baik eta Amara Kirol Elkarteak konpartituko dute lokala.
Etorkizuneko auzo proiektuetarako “estrategikoa” izango dela nabarmendu du auzo elkarteak: “Eskerrak eman nahi dizkiegu bidelagunei, hau lortzeko borrokatu dutelako. Auzotarrak Amarako proiektuetan inplikatzea eta euren iritzia jasotzea beharrezkoa da”.
2020. urte bukaeratik lokalik gabe zeuden, Donostiako Udalak Amara kaleko hiru eraikin husteko erabakia hartu zuenetik. Hain zuzen ere, 11., 13. eta 17. zenbakietako etxebizitzak botako dituzte “egiturazko patologia larriak” dituztelako. Pasa den astean, udal gobernuak Moyua enpresari adjudikatu zizkion eraisketa lanak. Azaroan hasiko dira etxeak botatzen, eta hiru hilabete iraungo dute lanek.