"Esklabotzatik lortutako diruarekin egindako eliza eder bat dugu Parte Zaharrean"
“Kolonialak al gara? Izaten jarraitzen al dugu?”. Galdera horretatik abiatu dute gaurko Donostia dekolonialaren ibilbide komentatua. Herritar talde batek antolatu du, espazio militanteetan topo egiten duen jatorri anitzeko hainbat kide elkartu ostean. “Urriaren 12a ospatzen ez dugun egun bat da aspalditik”, adierazi du Estefania Quilezek (Amara Berri, 1982). “Orain, kolonitatearen gaia jarri nahi dugu erdigunean”.
“Urriaren 12an Abya Yalara iritsi zen Kristobal Kolon, sarraskia abiatuz. Egun hori jatorriko herrien ikuspegitik ikusten dugunean hasiko gara gure begirada aldatzen”. Hori aldarrikatu du Quilezek: “Gure begirada aldatu behar dugu, dekolonizatu, eta munduan dugun modua aldatu”. Ongi etorri hitzartzean “gu zabal bat ” eraikitzeko deia egin du, “antiespainolista” eta “antiinperialista”.
Parte Zaharrean izan da elkargunea Plaza Berrian. Plaza Berria, eta ez Konstituzio enparantza, ez eta “Konstia” ere. Dani Goñik azaldu du izenaren garrantzia. Aurten 300 urte bete ditu plazak, 1722an eraiki baitzuen Hercules Torrelli arkitektuak. Herritarrek Plaza Berria gisa izendatu zuten, inguruko herrietan geratzen zen moduan.
1813. urtean hiria suntsitu zuten espainiarren armada aliatu ziren ingeles eta portugaldarrek; tartean, jakina, Plaza Berria suntsituz. 1817an berreraiki zuten plaza, eta betiko izena mantendu zuen: Plaza Berria, alegia.
1820. urtean, ordea, Plaza de la Constitucion izena inposatu zuten, 1812ko Espainiak Konstituzioaren omenez –Cadizko konstituzio gisa ezaguna– “herriak emandako izena ezabatu nahian”. Dirudienez, urte hartan hiri guztietako plaza nagusiari izen hura jartzeko lege dekretua onartu zen. Goñik kontatu duenez 1897an hiriko errotuluak bi hizkuntzatan jarri zituen Gipuzkoako Diputazioak: “Agindu hori betetzeko, udal plenoak 1897an hartu zuen erabakia: Plaza de la Constitucion /Plaza Berria”.
Herritarrek mantendu zuten Plaza Berria izena, beraz, frankismoan Plaza del 18 de julio izena jarri zioten arte, estatu kolpearen omenez. Herritarrak orduan La consti erabiltzen hasi zirela kontatu du Goñik, eta orduan ahaztu zela Plaza Berria izena. 1979an, Donostiako Udalak Konstituzio plaza moduan izendatu zuen, berezko izena “zokoratuz”.
Goñik aldarrikatu du berezko izena eta memoria mantentzeko garrantzia, eta, gogoratu duenez, “gure kolonizatzaile paperaz ari gara hausnartzen, baina ahaztu gabe gu geu ere kolonizatuak gaudela”.
Santa Maria eliza, esklabotzaren diruarekin
Hurrengo geldialdia Santa Maria elizan izan da. Ignazio Ibero arkitektoak eraikia, Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren enkarguz, 1738an. Real Compañía Guipuzcoana de Caracas izenarekin sortua, gipuzkoar merkataritza konpainia bat izan zen 1728tik 1785era, eta monopolioa izan zuen Venezuelako merkataritzan.
Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziak hartu du hitza: “Konpainiak burdina saltzen zuten Hego Amerikan, eta, handik, kafea eta kakaoa ekartzen zuten. Plantazio horietan Afrikatik eramandako esklaboak ziren lan egiten zutenak. Hau da, esklabo-merkataritzan aritu ziren”. Ñabardura egin du: “Ez zituzten esklaboak salerosten, baina esklabo lana oinarri zuten merkatua kontrolatzen zuten”.
Konpainiako pertsonaiarik ezagunenak izan ziren Frantzisko Xabier Munibe eta Peñafloridako kondea. “Eskolan, euskal ilustrazioaren ikurrak zirela esan ziguten; inoiz ez ziguten kontatu esklabotzarekin zuten harremana”.
XVII. mendean sortu ziren lehen matxinadekin harreman estua izan zuen merkatari talde honek Ormazabalek kontatu duenez. 1766.urtean Urola Kostako langileen matxinada bat gelditzeko “errepresioa” antolatu zuten: “Donostiako Udalak agindu, konpainiak ordaindu eta Britaniar armadako irlandarren errejimenduak ekin”.
Donostia merkataritzarako leku garrantzitsu bihurtu zen garai hartan. “Askotan esaten da Venezuelako Itsasontzien etorrerak kalean ospatzen zirela”. Ondorengo esaldi hau ere garai hartakoa omen da, konpainiak zuen boterearen erakusgarri: “Hirian ez dago inor, kasu bakanen batean izan ezik, haren [konpainiaren] mende ez dagoenik”.
Honela bada, “Esklabotzatik ateratako diruarekin egindako eliza eder bat dugu Parte Zaharrean”.
Trinitate plaza, kartzela
Trinitate plaza izan da hurrengo geltokia. Donostiako merkataritzak asko zor dio esklabotzari, historia liburuetan aipamenik egiten ez den arren. Ormazabalek kontatu duenez, orain plaza dagoen tokian garai batean hiriko kartzela zaharra egon zen. Badira kartzela horri lotuta esklabotzarekin harremana duten hainbat gertakari.
1617. urtean, adibidez, Joanes Aranburu garaiko alkateak, Esteban Acosta kapitain portugaldarra atxilotzeko agindu omen zuen, bere ontziko “merkantzia” erregistratzean irregulartasunak zeudelako, nonbait. “Acostak hamaika esklabo zekartzan ontzian, denak afrikar jatorrikoak, eta denak Trinitateko kartzelara eraman zituzten”.
Kontatu dutenez, kroniken arabera, “garai hartan ohikoa zen” erabakia hartu zen: “Agintariek enkante bat egin zuten esklaboak salgai jartzeko”. Dirudienez, “donostiarrek ez zioten hutsik egin hitzorduari”, eta hainbat euskal familiek erosi zituzten: Errazkin, Aierza, Guaianges eta Burboa familiek, besteak beste. Donostiarrok izan genuen, bai, zer ikusia esklabotzarekin.
Dekoloniza gaitezen
Azken geldialdia Antonio Okendo almirantearen ondoan izan da, hari bizkarra emanez. Espainiako armadako “heroi” moduan irudikatu dutela, eta eskultura hori “kendu beharra dagoela” aldarrikatu du Quilezek. “Elkano bogan dagoen honetan, gogoeta hau ezinbestekoa da: nork kontatzen du historia? Ez dira emakumeak, ez eta pobreak, ezta ere jatorrizko herrietako biztanleak. Historia kontatzen dute gizon zuri, aberats eta europarrek”.
“Besteen historia” aldarrikatu du Quilezek: “Kaleak gureak izanda, eskubidea dugu gure kaleetan konkistatzailerik ez edukitzeko”. Norabide horretan, antolatzen hasiko direla adierazi dute, Donostian ikuspegi dekoloniala sendotzen joateko. Izan ere, “kolonialismoa ez da bukatu, eta kolonialitatea ere ez”.