Loiolako Mantolaene baserria, egoera kaskarrean
Donostiako baserri zaharren egoerarekin arduratuta, IRUTXULOKO HITZArekin harremanetan jarri da Iñaki Etxebeste irakurlea: “Sentsibilitate falta nabaria da eraikin hauekiko, duela hamarkada gutxiko eraikin arruntekin egiten denarekin alderatuta”.
Azken egunotan, Loiolako Mantolaene baserriko teilatua erortzen hasi dela ohartarazi du. Topo trenbidearen albo batean dago, nahiko egoera txarrean. Inguruan dituen beste hainbat baserriren egoera ere aipatu du Etxebestek: “Astiñene baserriaren auzia luze doa, eta erabakitakoa martxan jartzen denerako erori egingo da. Loiolako liburutegiaren ondokoa ere botatzea aurreikusita dago. Loiolako kuartelaren pareko Patxillardegi zain da, teilatua okertzen hasita. Udalak ez al du dirurik eraikin hauek erosi eta berrerabiltzeko?”.
Urumearen ibarra zaintzerakoan, hango monumentuak ere zaindu behar direla uste du Etxebestek. “Baserri hauek babestea ez luke fatxadak mantentzea soilik izan behar, barruko bilbadura ere garai bateko eraikitzeko jakituriaren isla dira”.