GI-20 saihesbidearen inguruko partaidetza prozesua Altzara eramango du EH Bilduk
EH Bilduk GI-20 saihesbidea hiribide bihurtzeko Bariantea eraldatu proposamena aurkeztu zuen otsailean, eta saihesbidearekin lotura duten auzoetan partaidetza prozesu bat egiten ari dira ordutik. Lehenengo ekarpenen berri eman zuten duela hilabete, eta partaidetza prozesua Altzara eramango dutela iragarri dute orain. Hain zuzen ere, etxez etxe liburuxka bat banatzen ari dira, “iritzia emateko, zalantzak argitzeko eta proposamenak egiteko”.
Bestalde, hilaren 25ean Larratxoko Altzania elkarteak herri batzar irekia egingo dute (18:00), eta datozen bi asteotan erakusketa ibiltaria jarriko dute auzoko hainbat tokitan; “bertan, EH Bilduko militanteek herritarren zerbitzura egongo dira”, gaineratu dute.
Saihesbidearen inguruan dituzten asmoak azaldu ditu EH Bilduk: “Labur azalduta, gure asmoa da gaur egun saihesbide zaharrak hartzen duen espazioaren zati handi bat auzoetarako berreskuratzea, zenbait errei eta erdibitzailea kenduz. Izan ere, ‘bigarren gerrikoa’ eraiki zenetik, GI-20aren erabilera erdira jaitsi da, eta epe ertain-laburrera ‘drastikoki’ murriztuko da”. Era berean, gaineratu dute orain “aukera” dagoela “espazioak berreskuratzeko eta duela 50 urte errepidea eraiki zenean sortu ziren oztopo arkitektonikoetako batzuk kentzeko. Altzaren kasuan, besteak beste, Txingurri biziberritu daiteke, Larratxo, Herrera eta Intxaurrondo artean lotura berde eta atsegin bat sortuz”. Ildo horretatik, EH Bilduren ustez, gaur egun “natura eta klima errespetatzen duten hiriak eraiki behar dira, eta Europa osoko hirietan euren mugikortasun ereduak birformulatzen ari dira, bizikletaren eta garraio publikoaren erabilera sustatuz eta CO2 emisioak murriztuz”.
Horrela, partaidetza prozesua urte amaierara arte garatuko dute saihesbidearekin lotura duten auzoetan, eta 2023aren hasieran aurkeztuko dute proposamen zehatza, herritarren ekarpenekin. Altzaren ondoren, Aieten eta Amara Berrin egingo dute partaidetza prozesua.