Kote Cabezudo epaituko dute berriz, bere biktima baten irudiak saretik ez kentzeagatik
Kote Cabezudo argazkilari donostiarra berriz ere epaituko dute, bere biktimetako baten irudiak Internetetik ez kentzea leporatuta; irudietako emakumea adin txikikoa zen irudiak egin zituztenean. Epaileak irudi horiek kentzea agindu zion bere garaian, eta agindua ez betetzea egozten diote Cabezudori.
Asteartean egingo dute epaiketa, Donostiako Epaitegian. Epaiketa aurretik egiten saiatu dira, hiru aldiz, baina bietan bertan behera utzi dute: Lehenengoa, 2021eko martxoan, defentsak eskatu zuelako auzi nagusiko dokumentu bat aintzat hartzeko. Bigarrena, 2021eko urrian peritua oporretan zegoelako. Eta, hirugarrena, aurtengo martxoan, Cabezudoren aurkako auzi nagusiko epaiketa egiten ari zirelako.
Cabezudo Martuteneko espetxean dago gaur egun, 28 urteko eta bi hilabeteko zigorra betetzen, bortxaketa delitu batengatik, sexu abusuen beste batengatik, haur pornografiako sei deliturengatik eta iruzurreko bi deliturengatik. Ordea, zigorrari helegitea jarri diote defentsak (absoluzioa eskatzeko) eta akusazio partikularrak (zigor handiagoa eskatzeko, 217 deliturengatik absolbitu baitzuten). Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki bat hartu beharko du orain helegiteen inguruan. Ordura arte, Cabezudok espetxean jarraituko du.