Laboaren 'Lekeitioak' abiapuntu, Ibon RG, Sarrionandia eta Ixiar Rozas arituko dira Tabakaleran
Urrian eta azaroan, artista bana gonbidatu ditu Tabakalerak, Mikel Laboaren Lekeitioak hitzez komentatzera, “Saiakera akademikoez gaindi, soinu piezak hauek utzitako arrasto intimoak ezagutzeko”. Kultur arlo anitzetako artista ezagunak elkartu ditu iaztik hona Tabakalerak, bakoitza bere Lekeitioa ahotan hartuta.
Igandean hasiko da Ibon RG musikaria Kiromantzidxa komentatzen. Azaroaren 20ean Joseba Sarrionandia arituko da Cherokee kantaren inguruan eta abenduaren 18an Ixiar Rozas Dialektikaren laudorioa-ri buruz.
2021ean hasi zen lanketa hau egiten Tabakalera, Komunikazio-inkomunikazio erakusketaren barruan antolatutako jardueren moduan.Garazi Navas, Marie Cosnay, Mohamed Boujalal, Pedro G. Romero eta Garbiñe Ortega aritu ziren.
Mikel Laboaren Lekeitio sailak leku berezia du Euskal Herriko musikagintzan. “Ikonikoki indartsuak, sinbolikoki sentiberak, sonoroki arantzatsuak dira. Egilearentzat deserosoak bere momentuan eta deserosoak oraindik ere entzuleontzat”.
Saioen antolatzaileen ustez “Lekeitioek osatzen dutela haren ezinegon artistikoen bizkarrezurra. Nahiz eta, paradoxikoki, Laboaren, kantari ezagun eta herrikoiaren ibilbidean, obra gehigarri bezala agertu izan diren askotan”.
Igande honetarako saioko sarrerak hemen eskuratu daitezke.