Amara kaleko 21. zenbakian izango dute lokal berria
Hiru urteko negoziazioaren ondoren, Amara Bai auzo elkartea eta udala akordio batera iritsi dira. Ondo bidean, azaro erdialderako lokal berria izango du auzo elkarteak, frontoiaren parean. Amara Kirol Elkartearekin konpartituko dute.
Udal gobernuak Amara kaleko hiru eraikin hustu eta eraisteko erabakia hartu zuen 2020ko urriaren 27an. Zehazki, 11., 13., eta 17. zenbakiko etxebizitzak botako dituzte euren egiturak «oso kaltetuta» daudelako. Udal jabetzako eraikin horietako batean zegoen Amara Bai auzo elkartearen eta Amara Kirol Elkartearen lokala, 17. zenbakiaren beheko solairuan. Duela bi urte eraikinak hesitu zituztenean, elkarteen lokalerako sarbidea ere itxi zuten.
Ordutik, material guztia kaxetan sartuta dute itxita dagoen lokalean, eta ez dute bilerak egiteko lekurik. «Etxeak botako zituztela jakin bezain pronto, udalarekin harremanetan jarri ginen eman beharreko pausoak zeintzuk ziren jakiteko», adierazi du Harkaitz Aranburuk, Amara Bai auzo elkarteko kideak. Hiru urtez aritu dira negoziatzen udalarekin, eta pasa den asteko ostegunean lortu zuten akordioa.
«Udalak zioen Amaran ez zegoela lokalik, eta Morlansera joateko proposamena egin zigun. Guk, ordea, Arroka plazako Udalinfo bulegoko lokal bat uzteko esan genien. Ezezkoa eman ziguten», gogoratu du Aranburuk. Azkenik, auzoan geratuko dira, hasieratik eskatu zuten moduan. «Udalari argi adierazi genion Amara kaleko etxeak bota aurretik behar genuela ordezko lokal bat. Eta, zorionez, horrela izango da».
Partaidetza Sailari eta Auzoetako zinegotzi Maria Jesus Idoetari eskerrak eman dizkio Aranburuk, «irtenbide» bat lortzeko «erabakigarriak» izan direlako: «Prozesua asko luzatu den arren, izan duten jarrera eskertu behar diegu. Egia esan, une batzuetan geure burua auzotik kanpo ikusten genuen».
Auzoko txakurtegia
Udalak Amara kaleko 21. zenbakiko eraikina egokituko du Amara Bai auzo elkartearentzat eta Amara Kirol Elkartearentzat. Aspaldi, auzoko txakurtegia izan zen, eta egun udalak artxibategi gisa erabiltzen du. «Lokala egokitu eta margotzearekin batera, gure materiala lekualdatzeaz arduratuko dira. Horrez gain, han dituzten udal artxiboak beste biltoki batera eramango dituzte», azaldu du Aranburuk. Azaro erdialderako lokal berria erabiltzeko moduan izango dutela adierazi diete.
«Lokal baten premia dugu, eta gogotsu gaude auzo elkarteak egiten duen lana suspertzeko. Pandemia bat pasa dugu, eta kostatzen ari da jendea elkartzea eta aktibatzea. Bi urte daramagu Amara Eguna egin gabe. Maiatzean egin nahi dugu. Amara Eguna garrantzitsua da auzotarrak elkartzeko eta harremanak egiteko», nabarmendu du Aranburuk. Azken bi urteotan lokalik izan ez dutenez, ez dute udaleko diru laguntzarik jaso. «Proiektuak aurrera eramateko dirua behar dugu. Horregatik, ezinbestekoa da guretzat lokal berria izatea».
«Presaka dabiltza»
Amara Bai auzo elkarteak prentsaren bidez jakin zuen azaroan hasiko direla eraikin kaltetuak botatzen. «Presaka dabil udala, eta ez dakigu zein den benetako arrazoia. Egun batetik bestera, gure lokalaren gaia konpondu dute, eta adierazi digute hilabeteko epean hasiko direla etxeak eraisten», adierazi du Aranburuk.
Hurrengo asteko astelehenean hasiko dira 11. zenbakiko eraikina ixten, hara inor sartu ahal izateko. Ildo horretatik, elkarteko kideak hipotesi bat aipatu du: «Jakin badakigu hesituta dauden hiru eraikinetara etorkinak sartzen direla. Etxebizitzetan sentsoreak daude, eta abisua jaso orduko udaltzainak Amara kalera joaten dira eraikinak hustera. Baliteke segurtasun arrazoiengatik azkartu izana eraisteko prozesua».
Udalak Moyua enpresari adjudikatu dizkio hiru etxebizitzak eraisteko lanak, 408.000 euroren truke. Behin eraikinak botata, Hirigintza sailak erabakiko du zein proiektu garatuko duten udal jabetzako lursail horietan. Eneko Goia alkateak pasa den astean aurreratu zuen etxebizitzak eraikitzea aurreikusten dutela.
Goiak ez zuen eperik eman, eta Amara Bai auzo elkarteak ere ez daki noizko eraikiko diren etxebizitza berriak. Horrela ere, auzo elkartearen behin-betiko lokala etxebizitza horietako baten beheko solairuan kokatuko dutela adierazi du Aranburuk. Beraz, Amara kaleko 21. zenbakiko lokala ere behin-behinekoa izango da.