Añorgako giza kateak berreskuratu dituzte
"Borrokan" jarraituko dutela iragarri du Atxiki Añorga mugimenduak. Bi astetik behin giza kateak egingo dituzte Añorga Txikiko biribilgunean.
Donostiako Udalak Añorgako Geltokia hirigintza planaren inguruko bilera irekia egin zuen uztailaren 5ean, Añorgako Amassorrain ikastolako frontoian. 200 auzotarrek baino gehiagok parte hartu zuten, eta proiektuaren kontra zeudela berretsi zuten. Are gehiago, udalaren partaidetza prozesua “simulakro” bat izan zela adierazi zuten. Hori dela eta, Atxiki Añorga mugimenduak giza kateak berreskuratu ditu.
Ekainaren 11n hemezortzigarren protesta egin zuten Añorga Txikiko biribilgunean. Udako etena gaindituta, hilaren 7an beste giza kate bat egin zuten. Bizilagunen iritzia aintzat hartzeko eskatu zioten udalari, beste behin ere. Hemendik aurrera, giza kateak bi astetik behin egingo dituzte, eta hurrengoa hilaren 21ean izango da, 18:15ean. 20. giza katea izango da.