Auzoko ongizatea sustatzeko mahaia
Loiolako Erriberako hainbat eragilek Auzo Mahaia sortu dute, udalaren laguntzarekin, auzoan ongizatea hauspotzeko helburuarekin. Hainbat lan ildo jorratzen ari dira, eta gaur bukatuko da antolatu duten lehenengo egitasmoa: Auzoa Sasoian.
Pandemiaren testuinguruan, udaleko Herri Partaidetza sailak auzoetan ongizatea eta kohesioa sustatzeko beharra nabaritu zuen, eta auzo bakoitzeko eragileek osatutako auzo mahaiak sortzeko lanean hasi zen. Horren berri izan zuen Loiolako Erriberako Erribertxo Kultur Elkarteak, eta udalarekin harremanetan jarri zen, elkarteko kide Ainhoa Elicesek azaldu duenez: «Gurea ez da auzo handia, baina hainbat eragile gaude, eta, normalean, bakoitza bere kabuz aritzen da. Horregatik, ideia polita iruditu zitzaigun, elkarlana sustatzeko».
Horrela, Erribertxoko kideak auzoko gainontzeko eragileei Auzo Mahaiaren berri ematen hasi ziren, proiektuan parte hartzera gonbidatuz. Besteak beste, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartea gonbidatu zuten, auzoan baitauka egoitza. «Beste herri batzuetan izan ditugu antzeko esperientziak, osasuna eta prebentzioa lantzen dituzten mahai komunitarioetan. Horregatik, aukera polita iruditu zitzaigun Loiolako Erriberako auzo mahaian parte hartzea eta beste eragile baten moduan funtzionatzea», azaldu du Maider Sierrak, Minbiziaren Aurkako Elkarteko Prebentzio arloko arduradunak. «Aurretik, gauza batzuk elkarrekin egiten genituen, Euskaraldiaren harira, besteak beste, baina auzo mahaia denak elkartzeko aukera bat izaten ari da», gaineratu du elkarteko langile Ainara Balerdik.
Horrela, gaur egun, eragile hauek osatzen dute Loiolako Erriberako Auzo Mahaia: Erribertxo Kultur Elkartea, Ikasbide Ikastola, Ikasbide Ikastolako Guraso Elkartea, Loiolako Erriberako Auzokideen Elkartea, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartea, M-etxea, Zubiberri elkarte gastronomikoa eta Donostiako Udala. Hain zuzen ere, udalak «beste eragile baten moduan» hartzen du parte mahaian, eta «gauzak errazten ditu», Elicesen arabera.
Bi hilabetean behin biltzen da Auzo Mahaia, gutxi gorabehera, eta Erribertxokoak nabarmendu du bilera «irekiak» direla, «bai egitura juridikoa duen edozein elkarterentzat eta bai edozein auzokiderentzat». «Auzo mahaiak elkar ezagutzeko aukera ematen digu, horretarako espazio bat da, eta horrek asko errazten du elkarlana», gehitu du Sierrak.
Helburuak eta lan ildoak
Auzo bakoitzak bere behar propioak ditu, eta, horregatik, Auzo Mahaia sortu aurretik, Loiolako Erriberaren beharrak identifikatzeko lanketa egin zuten, Elicesek azaldu duenez: «Lantalde txiki batean aurre lanketa bat egin genuen, gure beharrak identifikatzeko, eta auzo mahaiko gainontzeko eragileekin partekatu genuen diagnostikoa ondoren. Gehienbat, porlanarekin lotuta ez dauden beharrak eta lan ildoak identifikatu genituen: aisialdia, kultura, euskara, hirigintza zerbitzuak, bizitza soziala eta kohesioa, zerbitzuak, hainbat motatako eskaintza helduentzat, ingurumena, mugikortasuna, elikadura eta kontsumo arduratsuak, parte hartzea eta elkartegintza eta auzo izaera. Horien inguruan hitz egin genuen hasiera batean, ikusten genituen ahulguneak eta indarguneak mahai gainera eramateko. Eta, aurrerago hitz egiteko hainbat puntu gelditu ziren: genero arteko berdintasuna, kirola, osasuna, aniztasuna, eta abar».
Horrela, lan ildo horiek jorratzeko lantalde txikiak sortzen hasi ziren, proiektuak errazago bideratzeko, Elicesek dioenez: «Haurrentzako aisialdian, adibidez, hutsune handi bat nabaritu genuen, hemen ez daukagulako haurtxokorik edo gaztelekurik: Ernest Lluch Kultur Etxera bideratzen gaituzte, baina oso gertu ere ez zaigu gelditzen. Horregatik, lan ildo hori jorratzen hasiak gara. Bestalde, euskararen ingurukoa da Erribertxoren lan ildo nagusia, eta beste eragileekin batera lan egiteko asmoa dugu aurrera begira. Kultur arloan, Ernest Lluchekin bileraren bat egin dugu, aztertzeko zer egin dezakegun. Eta, helduentzako eskaintzari dagokionez, pentsatu genuen elikadura osasuntsuarekin lotutako zerbait antolatzea: Auzoa Sasoian».
Elikadura osasuntsua sustatzeko egitasmoa
Auzoa Sasoian da Auzo Mahaiak antolatutako lehenengo jarduera. Herenegun hasi zen, eta gaur gauean bukatuko da, Zubiberri elkartean egitekoak diren herri afari osasuntsuarekin. «Bultzatu nahi izan dugu tokiko eta garaiko produktuak erostea, gure elikadura jasangarria izan dadin. Horrekin batera, gaiari buruzko hausnarketa bat sustatzea izan da gure helburua», nabarmendu du Sierrak.
Horrela, tokiko eta garaiko produktuen azoka egin zuten asteazken goizean, elikadura osasuntsuari buruzko ikastaroak haurrentzat eta familientzat ondoren eta Gari zientzialariaren hitzaldia, Cristina Enea Fundazioarekin elkarlanean. Era berean, Ekolurra erakundeak utzitako erakusketa bat ikusgai izan zuten, elikagai osasuntsuen ingurukoa. Atzo, odola emateko jardunaldia egin zuten, Odol Emaileen Elkartearekin elkarlanean.
Azkenik, gaur iluntzean herri afari osasuntsua egingo dute Zubiberri elkarte gastronomikoan, 20:00etatik 21:00etara, 15 euroren truk. Afariaren aurretik, nutrizionista batekin solasaldia egingo dute. «Auzoan giro pixka bat sortzeko antolatu dugu afaria, elikadura osasuntsua ardatz izanda, beti ere», azaldu du Sierrak. Ildo beretik, Balerdik gaineratu du afarian ez dela alkoholik egongo, eta menua tokiko eta garaiko produktuekin osatuko dutela; asteazkeneko azokan erosi zituzten produktu horietako asko. Gainera, nutrizionista baten oniritzia izango du afariak. «Posible da goxo jatea eta gustura egotea, alkoholik edan gabe eta izugarrizko oturuntza egin gabe», nabarmendu du Balerdik.
Nagusiki, Erribertxo Kultur Elkarteak eta Minbiziaren Aurkako Elkarteak antolatu dute Auzoa Sasoian, baina Auzo Mahaiko gainontzeko eragileen laguntza izan dute, Elicesen arabera: «Zubiberrin egingo dugu afaria, M-etxeak egin dizkigu azokako apaingarriak, Ikasbidek zabalkundean lagundu gaitu eta udalak ere parte hartu du».
Lanean jarraituko dute, ilusioz
«Ilusio handia ematen digu Auzo Mahaiaren proiektuak», dio Elicesek, pozik, eta azaldu du datorren urtera begira jarriko direla jada: «Urtea amaitu baino lehen, berriz elkartu beharko gara, datorren urtera begirako lan ildoak zehazteko. Adibidez, planteatu genuen Auzoa Sasoian urtero errepikatu dezakegula».