Bizitza bat euskararen hezkuntzaren alde
Gipuzkoako Aldundiak hezitzaile eta euskaltzale aitzindaria omendu du, haren heriotzaren 40. urteurrenean. Foru jauregiaren ohorezko patioaren erdian jarri dute Elbira Zipitria Irastortzaren (Zumaia, 1906 Donostia, 1982) eskultura. Ekitaldian, politikariez gain, Zipitriaren lankide eta ikasle ohiek hartu zuten parte. Horietako bostek, txikitako bizipenak partekatu dituzte: nola oroitzen dute andereñoen andereño, Elbira Zipitria?
1961etik 1965era egon zen Koruko Zinkunegi (Gros, 1957) Elbira Zipitria andereñoarekin ikasten: “Parte Zaharreko Fermin Kalbeton kaleko 26. zenbakia, 2.A”. Ondo gogoratzen da oraindik Zipitriaren etxea zen hartaz. Beste lau ikaskiderekin batera elkartu gara. Imanol Antza (Gros, 1959) Ixiar andereñoarekin hasi zen eta, 1968ra arte egon zen Zipitriarekin, “9 urte arte gurasoek hala nahi bazuten ez zintuzten eskolara bidaltzen; gero bai, gero denok jesuitetara joaten ginen ‘ingreso en bachiller’ delakoa egitera”.
Mertxe Uzin (Parte Zaharra, 1947) 1952an hasi zen Zipitriarekin, 1956ra arte; ostean ez zen jesuitetara joan “ez, horixe, ni eskola frantsesera; ama laikoa zen eta!”. Xabier Arzelus adin berekoa da, eta Uzinekin batera joan zen ikastolara, eta elkarrekin ikasi zuten, “bai eta ezkondu ere”, gehitu du Uzinek: “Baina hori askoz beranduago izan zen” [barrez]. Xabier Muñoz da taldeko azkena (Gros, 1954): “1963an Faustina Carrilekin hasi nintzen, Kaiaren gainean, baita Felitxu Erasorekin, frantsesa ikasteko, 1967ra arte egon nintzen Zipitriarekin”.
1943an hasi zen Elbira Zipitria (Zumaia, 1906-Donostia, 1982) eskolak ematen. Frankismo bete-betea zen, eta euskara erabat debekatuta zegoen eskolan. Lehen urteetan, baita kalean ere. Zipitria, beste hainbat emakumerekin batera, eskolak antolatzen hasi zen Donostiako etxeetan.
Goizetan bi maila zituen eta arratsaldetan beste bi. “Begiak itxita gela oroitzen dut oraindik”, dio Uzinek. Oso estetikoa oroitzen dute: “Baserri ukitua zuen, kutxa handi bat zegoen, aulkirik ez, eta denak lurrean esertzen ginen”.
Sei inguru ziren klase bakoitzean. “Baimendua zutenaren muga gainditzen omen zuen. Ikuskariren bat azalduko zela jakiten bazuen, niri tokatu izan zait komunean ezkutatzea, berak esanda”, oroitzen du Antzak. “Gure garaian okerragoa zen”, moztu du Uzinek [hamar urte lehenago ikasi zuen]. “Galdetzen baziguten zein eskoletara gindoazen, ‘tenemos una señorita particular’ esan behar genuen. Nik fonetikoki ikasi nuen, gaztelerarik ez nekien eta!”.
Hasieran erabat klandestinoa zena, “erdi klandestinoa” zen gero; klase partikularrak ematen zituelakoan. Jai egunetan, adibidez Hispanitatearen Egunean, ikastolara maletarik gabe eta blokik gabe joateko eskatzen zieten, “nabaritu ez zedin”.
Txikitan eskolara horrela joatea nolakoa zen galdetuta, “naturaltasunaren” barruan kokatzen dute: “Garai ilunak ziren, eta abertzaletasunaren inguruan zegoen guztia erdi ezkutuan egiten zen. Etxean giro hori ikusten genuen”, dio Muñozek. Garai hartan lotsaz eta beldurrez bizi zuten euskara donostiarrek. Honela gogoratzen du Uzinek: “Parkean jolasean, eta amari ama deitu, eta inguruko haurrek gazteleraz egiten zidaten burla: ‘Zu baserrikoa zara’. Gainera, erantzuten nien ni ezetz, baina gure amona baietz. Pentsa zeinen barneratuta genuen! Mespretxuz tratatzen gintuzten”.
Pedagogian aurrerakoia
Oso metodologia ona erabiltzen zuen Zipitriak, ikasle ohien ustez. “Libururik gabe, dena buruz egiten genuen, eta nahigabe ikasten genuen. Urteak pasa eta oraindik gauza mordoaz oroitzen naiz”, dio Zinkunegik.
Oso “irakasle aurrerakoia” zela nabarmendu dute, “pedagogiari dagokionez”. Frantziako Estatuan ikasi omen zuen, eta Freinet eta Montessori metodoak aplikatzen hasi zen hemen. Xabiertxo eta Kristau ikasbidea ziren erabiltzen ziren liburu bakarrak.
Antzak buruz dakizki oraindik horietako mordoxka bat. Elkarrizketa eten, eta bota ditu bada jarraian, geratu gabe, Jules Martin Moulier, Oxobi poetaren Astoa eta Otsoa olerkiaren zortzi ahapaldiak buruz. Balentria nahikoa ez, eta bigarren bertsoa oroitu du Antzak: Astoa loredun, eta hau ere osorik bota du, lagunen aurrean.
“Imanol bezain ondo ez gara gogoratzen gu, baina hau zen ikasteko metodoa. Behin eta berriz errepikatzen zituen Elbirak olerkiok, eta guk ikasi”, kontatzen du Zinkunegi. Nemesio Etxaniz, Orixe eta Lizardi ikasten zituen besteak beste. “Harremana izan omen zuen Orixerekin”, dio Muñozek, eta, jarraian moztu dio Arzelusek: “Nik uste dut harremana baino zerbait gehiago eduki zutela horiek biek!”.
Euskaratik eta euskaraz
Gaur egungo curriculumarekin alderatuta, Euskal Herriaz “izugarri” ikasten zutela dio Antzak, eta konturatu gabe: “Ibaiak ikasten bagenituen ez genituen ikasten Amazonas eta Nilo. Ikasten genituen Urumea, Ibaizabal… Gailurrekin berdin, euskal gailurrak”.
Gazteleraz azken ikasturtean soilik ikasten zuten; beste eskolara joan behar zutelako, noski. “Beste ikasleekin alderatuta, oroitzen naiz gure maila askoz hobea zela, gainontzekoena baino”, dio Antzak. Muñozek ere anekdota bera kontatzen du: “Eskolan sartu ginenean, 42 ginen gelan, eta ahots goran irakurri behar zenean, jendea hasi zen eta totelka irakurtzen zuten, silabaz silaba. Nik akatsik gabe egin nezakeen, baina nik ere totelka irakurri nuen, antzerkia eginez, nondik nentorren jakin ez zezaten!”. Bostak bat datoz: “Oso ondo prestatuak atera ginen ikastolatik”.
Bere irakasteko modua “bizitzen irakastea” zela oroitzen dute; “nahigabe ikasten genuen”, dio Zinkunegik. “Behin, Ikastolatik Bretxara bidali ninduen”, dio Antzak. “Mertxikak erosteko dirua eman. Honela ikasten nuen”.
Zipitriaren ikasleen koadernoak bereziki ezagunak egin dira; Arzelusek hainbat ekarri ditu. Gorriz idazten zuen gaizki zegoenean, eta urdinez ondo zegoenean; gorri gehiago ikusten da urdina baino, egia esan.
Perla mordoa dago gordea: “Au polita da baño ez da agindua!“, “Ergelkeri geitxo erabiltzen det ikastolan, gero lanak ongi egiteko“, “Noiz ekarriko ote lan guztiak egiñak? Atzo kopuruarena Xabierri bakarrik galdetu ederki esan eta gaur egin gabe etorri“, edo, “Buruz ikasteko gutxi eman andereñok, ta alare, guk ikasi ez. Lan ori ez dugu oso gogoko baina egin bearra dugu. Buruan sartuko ba’genu auxe!” Ironia zorrotzarekin idazten zien ikasleei, beraiek ere ulertzeko ahalegina egin zezaten.
Izaeraz gogorra
Zorrotza zen Zipitria andereñoa, “oso Zorrotza”. Arzelusek honela dio: “Omenaldian jakin nuen Elbira Justa Zipitria zuela izena. Nik esango nuke justa beharrean zorrotza zela”. Emakume gogorra zela oroitzen du Zinkunegik: “Gainontzekoekin bai, baina bere buruarekin ere bai”.
“Irakaskuntzarako bizi zen”, dio Uzinek: “Hori zen bere bizitza, bizimodua, bere pasioa, bere dena. Asko nekatzen zen lan horretan, eta bestelakoak albo batera uzten zituen”.
“Hesi asko zituen salto egiteko; pentsa gerra ostean, zenbat hesi emakume batentzat. Denak saltatu behar izan zituen”, dio Arzelusek.
Zorroztasun horrek “mugak gainditzen zituen” une batzuetan. “Komunera joateko garaian, hainbatek euskaraz gaizki egingo ote zuen beldurrez, eta Elbirak errieta egin, gainean pixa egiten bukatzen zuten”, gogoratu du Muñozek. Akatsak egiten zituztenean gogorra zen, eta “zartakoak ematen” zituela oroitzen dute ere. Testuingurua gogoratzea garrantzitsua da: “Zartakoak ematen zituzten eskola guztietan, eta toki guztietan. Ez zen bereziki gogorra, zentzu horretan”.
“Noski, baino horri lotuta, gu bezalako jende askok [ikasle ohiak] ez du ezertxo ere jakin nahi izan inoiz Zipitriari buruz” dio Muñozek. Ikasle garaiak traumatikoak izango ziren askorentzat: “Gainera, batzuekin besteekin baino gogorragoa zen”, dio Zinkunegik: “Familiaren arabera, asko nabaritzen zitzaion: batzuk kuttunagoak, eta, besteak, ba, ez hainbeste”. Adibidez, amonarekin etxean gazteleraz egiten zuten batzuk zeuden; eta horiek ez zituen begiko Zipitriak.
Kontuan eduki behar da, gainera, soilik familia abertzaleak hartzen zituela. Antzak uste du, besteak beste, “bere burua babestu behar zuela. Konfiantzazko jendea behar zuelako”.
Uzinek oroitu du gurasoen ogibideez hitz egin zutenekoa. “Hiru guraso bulegariak ziren Diputazioan, eta berak esan zuen gure gurasoak idazleak zirela —mespretxuz edo—. Etxera joatean, hau esan zien: ‘Aita, zu ez zara medikua, ez duzu dendarik, zu ez zara ezer’. Aitaren erantzuna: ‘Coño con la Zipitria!’. Gurasoak ere harritu egiten ziren!”.
“Euskararen katekista”
Fede kristaua zen Zipitria andereñoaren ezaugarri nagusietako bat. Koadernoak erakutsi ditu Arzelusek, eta hor argi ikusten da: “Katekesiaren antza du liburuxka honek”.
Hala uste du Uzinek: “Niretzako hori tortura bat zen; gure etxean ez zirelako horren fededunak. Garizuma batean, adibidez, Gaztelura igotzekoak ginen, baina lehenik Santa Teresa elizara joan ginen, eta gurutze-bidea egin; belaunak beltz-beltzak iristen ginen etxera, eta ama erdi haserre”.
Muñozek, Antzak eta Zinkunegik, ñabardura egin dute, euren sasoian horren gogorra ez zela iritzita: “Hamar urte ez dira alferrik pasatzen”.
Santo Tomas Lizeoa ireki zutenean [1960 urtean], ama batek alaba bertara eramatea erabaki zuen. Oso-oso lagunak omen ziren Zipitria eta ama hura, baina Zipitriak hari hitz egiteari utzi zion: euskalduna bai, baina erlijiosoa ez zen eskola batera eramateagatik: “Berarentzako erlijioa euskararen gainetik zegoen”, dio Uzinek.
Zipitriaren “akatsa” hori zela uste du Uzinek: “Mezak, eta gurutzeak eta gurutze-bideak eta matraka hori guztia”. Arzelusek “euskal katekista” zela nabarmendu du.
Jose Angel Irigaraik hitzaldi batean kontatu zuen Ez Dok Amairuren kontzertua zela Ipar Euskal Herrian. Bertsoak, euskal dantzak eta honelakoak ikustera eraman zituen ikasleak, baina Ez Dok Amairukoak etorri zirenean ikasleak kanpora atera zituen. Gitarrak ez omen ziren nahikoak euskaldunak, antza. “Gauza horietarako ez zen batere irekia” dio Zinkunegik: “Nahiko talibana zen”.
Abertzaletasuna eta feminismoa
Bere bizitza gidatu zuten zutabeak argi ikusten dituzte ikasle-ohiek: euskara, abertzaletasuna, kristautasuna eta pedagogia aurrerakoia. Feminismoa gehitu du Uzinek. Nabarmendu dute eskolan neskak eta mutilak nahastuta zeudela, “agian estatuko leku bakarra zen!”
Emakumeen paperaz hitz egin ohi zuela dio Uzinek: “Honela hitz egin zigun behin: ‘Nor egoten da gehiago etxean aita edo ama? Nork egin beharko luke etxea? Emakumeek bada!’ 1950 hasieran oso berezia zen. Agur jaunak kantan, ‘andreak agur’ esaten genuen”.
Amaiera gogorra
Urteak aurrera egin ahala, ez dute harreman handiegirik izan. Zinkunegiren ahizpa Zipitria zaintzen ibili zen bere bizitzako azken urteetan. “Eta oso zaila zela” zioen. “Opari bat egin zion ahizpak, eta ez zuela nahi, eta bere lagun bati oparitu zion, gure ahizparen aurrean!”. “Neurritasun” katolikoa izan zitekeen, baina izaera gogorra erakusten zuen.
Uzinek ere horrelako anekdota bat kontatu du: “Ez zuen oparirik onartzen. Ama guztien artean dirua jarri zuten Elbirarentzat Velosolex bat erosteko [garaiko motozikleta bat], beti zebilelako gora eta behera. Garaiko 4.500 pezeta balio zuen, eta diru guztia lortu ostean, oparitu, eta berak ez zuen onartu”.
Ez zuen batere dirurik izan, eta bere bizitzako azken urteetan are gutxiago. “Oso bakarrik geratu zen, Orixe Ikastolako liskar horren ostean, are gehiago”, oroitu du Antzak. Dirudienez, haur txikiekin jartzen zuten Zipitria, eta berak ez zuen horrelakorik nahi.
Ez dakite zer dela eta izan zituen Orixekoekin tirabira horiek, baina ez dira batere harritzen. Izan ere, argi dute ikasle ohiek: “Oso pertsona zaila zen Zipitria”. 1968an sortu zuen Parte Zaharreko Orixe Ikastola Miren Teresa Aleman, Koro Aldanondo eta Mari Karmen Mitxelenarekin batera. Ikastolak legeztatzeko eztabaida zegoen garaian, eta Zipitria horren kontrakoa zen, izaera galduko zutelakoan.
Errekonozimendu falta
Atzera begira eginez, bere figuraz gogoeta egin du Muñozek: “Batzuok oroitzapen politak ditugu, beste batzuek gorroto dute. Baina niretzat egundoko haustura izan zen gainontzeko munduarekin”.
Uzinentzat, ordea, eskola frantsesera joatea askatasuna izan zen: “Elbiraren oroitzapen onak heldutan etorri zaizkit. Gaztetan errepresio handiarekin oroitzen nuen: galtzekin joaten ginelako, elizaren kontuarekin…”.
Baina zalantzarik ez du egin: “Elbirak bi zutabe zituen nire ustez. Abertzaletasuna eta feminismoa. Eta horiek izan dira nire bizitzaren zutarriak ere. Gerora ohartu nintzen berak izan zuela eragina horretan”.
Bat datoz bostak: aitortza falta dago oraindik. Frankismoko garai ilunetan euskaraz hezi zuelako belaunaldi oso bat Donostian, hezkuntza bera berrituz. Bere argi-ilun guztiekin, euskararen hiriaren bizi berritzean funtsezko papera betez.