Deabruentzako hamaika kantekin bueltan da Ghost Number
Infernuen, munstroen, deabruen eta gaueko iluntasuneko beste izarrei buruzko kantuak. Azpititulu hau dakar Ghost Number donostiarren azken lanak: Venenos y demonios (Pozoiak eta deabruak, Folc Records).
Muerto eta Veneno bideoklipak kaleratu ostean, gaur sareratu dute hirugarren disko luzea, diren eta ez diren plataforma digitaletan. Folka, calipsoa, rumba, cumbia eta nahi beste estiloetatik edaten duen lan eklektikoa da: “Erabat propioa”.
Diskoak pozoi asko eta deabru asko dituela adierazi du David Pisabarro musikari eta gidariak: “Labur esanda, jai giroko disko ilun bat da (Nola ez!). Iluntasunaren, hondoa jotzearen, iluntasunaren nagusitasuna bere gain hartzen den unearen eta arrakasta gehiagorekin/gutxiagorekin harekin bizi/gozatu nahi den unearen ondorengo euforia unean kokatutako diskoa. Hori egitea Everestera oxigenorik gabe eskalatzea bezalakoa izan da, eta, aldi berean, beharbada, gehien dibertitu naizen diskoetako bat kantuan eta jotzen, negar gehien egin dudan diskoetan, dantza gehien egin dudanetan. Alde guztietatik odola darion diskoa”.
Digitalki entzuteaz gain, binilo eta CD formatuan izanen da. Binilo berde gardenen edizio mugatua egin dute ere, baina segituan agortu ziren ale guztiak. Instrumentu gehienen ekoizpena, konposizioa, moldaketak, nahasketa eta interpretazioa 413k egin dute, hau da, David Pisabarrok, Ghost Numberreko buruak. Estanislao Elorza, Doctor Masterrek masterizatu du eta diseinua Oskar Benasek egin du.