'Hamahiru' erakusketa abian da, artista gazteen lanak abiapuntu
Gaur 19:00etan inauguratuko da Tabakaleran Hamahiru, eremuak erakusketa kolektiboaren hirugarren edizioa. Lau urtean behin egiten den erakusketa 2022ko abenduaren 14ra arte egongo da zabalik Tabakaleran, hau da, eremuak programaren harrera entitatearen egoitzan.
“Begirada kolektiboaren bidez hurbileko eremu artistikoaren sormena bultzatzea” du helburu erakusketak, inguruko artea zer unetan dagoen zehatz-mehatz erakutsi nahian. Orain arte, lan ildo horretan bi erakusketa egin dira: First Thought Best, 2014an Artiumen egin zena, eta Bi Dos Two, 2018an Azkuna Zentroak hartu zuena. Beraz, orain Donostiako Tabakaleran inauguratzen dena sail horretako hirugarrena da.
“Hamairu” da erakusketaren izenburua, hamahiru baita erakusketan parte hartzen duten artisten kopurua. Egitasmoak artistak nabarmentzen ditu, eta 13 zenbakia “inperfektua edo osatugabea denaren adierazgarri gisa erabiltzen du”. Euskal artean hemen eta orain egosten ari dena osorik jasotzeko ezintasuna ere aitortzen du.
Hasieratik eta prozesuan zehar, artistek aurkeztutako proposamenen, haien izaeren eta prozesuen arabera antolatu da erakusketa, eta ez aldez aurretik erabakitako edo kalkulatutako modu jakinean.
Honako hauek dira erakusketan parte hartzen duten artistak: Ainhoa Lekerika Obieta, Ander Pérez Puelles, Ane Rodríguez Zaitegi/ Anemotorazing, Clara Elizondo, Esti Ibarra, Ibon Landa Amutxategi, Ignacio Sáez, Javier Rodríguez Pérez-Curiel, Miel Oyarzabal, Mikel Ruiz Pejenaute, Miren Candina, Natalia Suárez Ortiz de Zárate eta Santiago F. Mosteyrín. eremuak programako batzorde teknikoko kideak arduratu dira artistak hautatzeaz eta komisario-lanak egiteaz: José Ramón Amondarain, Aimar Arriola eta Leire Muñoz, orain gutxira arte batzordekide izan duten Maider Lópezekin batera.
Erakusketaren inguruan plazaratuko den argitalpenean jasota geratuko dira erakusketaren beraren edukiak eta baita HARRIAK ekimenaren lehenengo 6 urteetako ibilbidearen laburpena ere, orain arte ez baita horrelako materialik argitaratu.
Eremuak programa
Arte garaikidean testuingurua sortzeko Eusko Jaurlaritzaren programa irekia da eremuak, eta 2020tik Tabakaleran du egoitza. Artistei eta sortzaileei plataforma bat eskaintzea, eztabaidarako eta topaketarako giroa sustatzea, eta arte garaikidearen errealitatearen behatokia izango den lanerako gunea prestatzea dira eremuak-en xede nagusiak.
Hamar urtetik gorako ibilbidean, eremuak programak 105 proiektu baino gehiago lagundu ditu deialdi jarraituaren bidez; HARRIAK ekimenaren baitan 38 erakusketa antolatu ditu EAEko zenbait herritan 130 artistatik gora partaide izan direla; 15 argitalpen kaleratu ditu, eta hainbat egunetako 11 jardunaldi publiko antolatu ditu. Jardunaldi horietara arte garaikidearen inguruko askotariko eragileak gonbidatu ditu, beren esperientzia profesionala parteka zezaten. Gainera, jendaurrean aurkezten du urtean zehar burututako jarduera.