Nor-nori-nork aditz laguntzailearen asmatzailea eta abertzale sutsua
Isilpeko Ikastola izenez ezagutu da Fermin Kalbetonen zuen eskola. Horretaz gain, ordea, Zipitriak eremu eta egitasmo ugaritan hartu zuen parte.
Hizkuntzalari moduan garrantzia izan du Zipitriak. Euskal gramatikari egin zion ekarpen nagusia euskal terminologiaren erabilera asmatu eta hedatzea izan zen. ‘Paciente, sujeto eta recipiente’ alboratu, eta, nor-nori-nork terminoak asmatu zituen. Aditzaren logikaren sistematizazioa lortu zuen, eta bere ikaslea zen Antton Valverderen aitarekin batera, sistematizazio hura objektu bilakatu zuen. Gurpilak sekulako eragina izan du euskararen hedapenean, asko erraztu baitu aditzaren ikaskuntza.
Ororen gainetik, abertzalea
Besteak beste, irakaskuntza arloko lanak jardun politiko eta kultural biziarekin bateratzen zituen gerraurreko urteetan. Emakume Abertzale Batzako kide egin zen —EAJren baitako emakumeen taldea—, eta 1930eko hamarkadan mitinak ematen ibili zen hainbat herritan barna. Lizardi, Aitzol, Orixe eta abarrekin lanean ere aritu zen garai berean, Euskaltzaleak taldearen baitan. Ordukoak dira El Día egunkariaren Euskal Orria-n Ira ezizenez argitaratutako prentsa artikuluak.
36ko gerran, ihesi joan behar izan zuen Ipar Euskal Herrira, eta Labaien-Sansinenea familia tolosarrarekin batera igaro zituen gerra urteak, lehenengo Ziburun eta ondoren Saran (Lapurdin biak). 1942an itzuli zen berriro Donostiara, eta orduan berrekin zion irakaskuntzari. EAJrekiko eta abertzaletasunarekiko konpromisoa ez zuen inoiz galdu. Horrek ematen zion indarra bere ekintzei.
Ikasle ohiek kontatu dutenez, azken egunean, gudarien batailoi batek 36ko gerran erabilitako ikurriña atera ohi zuen: «Erraz egiten zuen negar Elbirak. Egun hartan oroitzen dut. Kutxa batetik atera zuen gudariek erabilitako ikurriña bat». Garai hartan erabat debekatua zegoen «guk burkoa barruan genuen ezkutatua bat», kontatu du Mertxe Uzinek. Azken egun hartan Eusko Gudariak abesten erakutsi zien, «baxu-baxu abesten».