Politika Orokorreko osoko bilkura Intxaurrondon egiteko proposamena baztertu dute
Hilaren 25ean egingo du Donostiako Udalbatzak urteko Politika Orokorreko udalbatzar berezia. Udaletxean egin ordez, Ekialdeko Barrutian egitea proposatu zuen EH Bilduk Bozeramaileen Batzordean. Zehazki, Intxaurrondoko kultur etxean. Dena dela, proposamena baztertu zuen atzo Bozeramaileen Batzordeak.
“Noizean behin, osoko bilkura Ijenteako egoitzatik kanpo egitea deszentralizazio ariketa demokratikoa izango litzateke. Udal mailako politika herritarrengana hurbiltzea funtsezkoa izan beharko litzateke edozein gobernantza eredutan”, adierazi du EH Bilduk. Proposamena zerbitzu juridikoekin kontrastatu ondoren egin zuten. Izan ere, Udalbatzaren araudiak ez du eragozten osoko bilkuren egoitza aldatzea, horrelako kasuetan.
“Hala ere, ez du gauza bera pentsatzen EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak, eta horrela, ez dute aintzat hartu nahi izan politika orokorreko osoko bilkura berezia donostiarrengandik gertuago eramateko gure proposamena”, azaldu du EH Bilduk. Udal gobernuaren erabakia “guztiz koherentea” dela gaineratu dute: “Koherentea da Eneko Goiak bere alkatetzan sustatutako hiri ereduarekin, eredu zentralista batekin, alegia”.
Etorkizunean EH Bilduk horrelako proposamenak egiten jarraituko duela adierazi du, “udal politika herritarrengana hurbiltzeko”. Era berean, Ekialdeko Barrutian eta hiriko beste auzo batzuetan bilkura bereziak proposatuko dituzte.