Saregileak kaira itzuliko dira
(Argazkia: Euskal Itsas Museoa) Bihar, Donostiako kaiak bere arrantzale izaera berreskuratuko du ordu batzuez. Euskal Itsas Museoak eta Kofradia Itsas Etxeak Hondarribiko saregileak ekarriko dituzte kaira, Saregileekin portuan saretzen jardueraren baitan. 10:30etik 13:00etara egongo dira Jaranako arkupean.
Euskal kostaldeko portu gehienetan desagerturik dagoen eta ondare bilakatu den lanbide hau berreskuratuko dute. Emakume hauek arrantza prozesuetan izan zuten garrantzia nabarmenduko dio Euskal Itsas Museoak: “Haien zeregina ez zen material horiek konpontzera mugatzen, portuko jardueretan funtsezkoak izan ziren: arrainaren kalitatea kontrolatzen zuten, enkantea egiten zuten eta arrain salmentan artekaritza lana egiten zuten, besteak beste”.
Hilaren 29an errepikatuko dute jarduera, Donostiako kaian.

