Altzako eta Larratxoko hainbat gunetako irisgarritasuna hobetuko dute
Donostiako Udalak Larratxo pasealekuko 80. zenbakiko etxebizitzen sarbidea hobetuko du. Bizilagunek behin baino gehiagotan egin duten eskaerari erantzunez, eremuan dauden oztopo arkitektonikoak kenduko dituzte. Hain zuzen ere, irisgarritasun hobekuntzak egingo ditu udalak.
Aipaturiko sarbidean eskailera bat baino ez dago. Horrela, mugikortasun arazoak dituztenek ezin dute erabili desnibela handia delako. Era berean, haurren autoak eta erosketa orgak dituztenek ezin dituzte eskailera horiek erabili. Hori dela eta, oinezkoentzako arrapala bat eraikiko dute. Gainera, lurzoruan baldosa hexagonala jarriko dute, itsuek ibilbidea ezagutu dezaten. Obrak egiteko aurreikusitako epea bi hilabetekoa da, eta aurrekontua 168.733 eurokoa, BEZ-a barne.
Bestalde, Larratxo pasealekuaren zoladura hobetuko du udalak. Inguru horretan, baldosa zaharkitua dago, eta han ere baldosa hexagonala jarriko dute. Lanak hauek egiteko bi hilabeteko epea ezarri dute eta 95.604 euroko aurrekontua.
Azkenik, Roteta Goikoa kalearen eta Altza pasealekuaren arteko irisgarritasuna hobetzeko obra bat egingo du udalak. 88.593 eurokoa da aurrekontua eta lanak egiteko hilabete eta erdiko epea izango dute. Eremua berrantolatuko dute, sarbidea, espaloiak eta atsedenlekuak oinezkoentzako arrapalen bidez hobetuta.