Atristainen egoera salatu dute Donostian
Xabier Atristain preso donostiarraren espetxeratzea salatu zuten larunbatean hamarnaka lagunek Donostian, Sare Herritarrak antolatutako manifestazioan. Izan ere, Atristain Martuteneko espetxera bueltan bidali zuten ostiralean, Auzitegi Nazionalak onartu egin zuelako Fiskaltzak donostiarraren hirugarren graduari jarritako helegitea. “Xabier Atristainek baldintza guztiak betetzen ditu hirugarren graduan egon ahal izateko. Euskal presoei legeak dioen bidea egiten uzteko unea da”, aldarrikatu zuen Sarek. Etxerat elkarteak ere mobilizazioarekin bat egin zuen.
Atristainek hamabi urte pasatu ditu preso, eta hamalau hilabete barru beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Ordea, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urtarrilean ebatzi zuen Espainiako Estatuak prozesu justu eta ekitatezkoa izatea egotzi ziola, ez ziolako utzi inkomunikazio aldian konfiantzazko abokatu bat aukeratzen. Horrela, otsailean, zigorra eten egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta kalera atera zen Atristain. Aldiz, ekainean berriz atxilotu zuten, Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki zuelako hamazazpi urteko espetxe zigorra ez berrikustea. Uztailean, Eusko Jaurlaritzako Justizia sailak emandako hirugarren graduarekin atera zen, baina kartzelara bidali dute orain, berriz ere.