Buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen senideen beharrak aztertzeko jardunaldia antolatu dute
Agifesek buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen senideen laguntza beharrak aztertzeko jardunaldia eskainiko du datorren urriaren 24an, Familia eta buru osasuna. Zer egin dezakegu? izenburupean. Udaletxeko osoko bilkuren aretoan egingo da 18:00etatik aurrera, gizarte eta osasun arloetako profesionalen parte-hartzearekin eta lehen pertsonan eskainitako testigantzekin. Sarrera doakoa izango da.
Saioaren helburu nagusia izango da senitartekoek beren sostengu lana egin ahal izateko eta euren ongizatea hobetzeko dituzten laguntza eta zaintza beharrak jorratzea.
Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko psikiatra Xabier Lertxundi familiek buru osasun zentroetan jasotzen duten arretari buruz arituko da, eta nahasmenduren bat duten pertsonei eta beren senideei errekuperatze prozesuan laguntzeko egiten duen lana ere zehaztuko du.
Bestalde, Agifesek familiei eskaintzen dizkien zerbitzuen berri emango du Veronica Pazos gizarte langileak. Bertan, laguntza jasotzeaz gain, ahaleginak egiten dira familiek tresna jakin batzuk eskura ditzaten nahasmendua duen pertsonari laguntzeko, eta kide bakoitzak familia-nukleoaren barruan jokatzen duen rola ezagutzeko.
Teresa Perezek, buru nahasmendua duen pertsona baten amak, bere esperientzia pertsonala, prozesuan zehar izan dituen zailtasunak eta aurrera ateratzeko jasotako laguntza azalduko ditu.
Eta azkenik, Jon Abruzak bere bizipenak partekatuko eta egun arte bere errekuperazio prozesua nolakoa izan den adieraziko du. Toxikoen gehiegizko kontsumoak bere buru gaixotasuna azaleratzen lagundu zuen eta ospitalizazio psikiatriko bat izan zuen. Abruzak ahalik eta bizimodu independenteena du gaur egun, bere barne lanari, jasotako laguntzari eta Agifesen babesari esker.