'La vida que amo' argitaratu dute, Rafael Berrioren omenezko diskoa
Ekainean iragarri zuten Rafael Berrio musikari donostiarraren (1963–2020) omenezko disko bat argitaratzekoak zirela, eta, azkenik, ostiralean plazaratu zuten diskoa: La vida que amo. Berriorekin harremana izan zuten hainbat musikarik hartu dute parte diskoan, haren hainbat abestiren bertsioak eginez; besteak beste, Mikel Erentxunek, Diego Vasallok eta Raul Bernalek hartu dute parte.
Disko dendetan erosi daiteke diskoa LP eta CD formatuetan, eta plataforma digitaletan ere entzungai dago. Abesti hauek osatzen dute diskoa, ordena honetan: Dadme la vida que amo (Santi Campos), La misma mujer distinta (Mikel Erentxun), Considerando (Quique Gonzalez), Amanece (Tulsa eta Raul Bernal), Abolir el alma (Jose Ignacio Lapido), Cómo iba yo a saber (Daga Voladora), No pienso bajar más al centro (Jairo Martin), Simulacro (Fino Oyonarte), No solo de amor (Diego Vasallo), Mi álbum de nubes del cielo (Luis Arronte), Mis ayeres muertos (Toni Brunet), Tu nombre (Chencho Fernandez) eta El mundo pende de un hilo (Raul Bernal).
Berrio 2020ko martxoaren 31n zendu zen, aurretik zuen gaixotasun batek jota. Ibilbide luzea egin zuen musikari gisa, 1970eko hamarkadatik: UHF, Amor A Traicion eta Deriva taldeetan egon zen XX. mendean, eta bakarlari gisa aritu zen 2000. urtetik aurrera, beti ere, rocka, popa eta ukitu elektronikoko musika eginez. Ez zen inoiz bereziki ezaguna izan, baina zale fidelak zituen, eta oso pertsona estimatua zen, bereziki musikaren munduan. Hil zenetik, hainbat omenaldi egin dizkiote: 2020ko Zinemaldian, 2021ean antolatutako erakusketan eta Rafa in memoriam egitasmoko kontzertuetan, esaterako.