Auzoa elkartzeko eguna
II. Amara Berri Eguna egingo dute larunbatean, hilaren 22an, Armeria plazan. Auzoko eragileak elkartzea eta auzotarrei euren lana erakustea da helburua.
Iaz egin zuten lehen Amara Berri eguna, eta aurten ere segida emango diote. Elkarte eta gizarte eragileak elkartuko dira berriz Armeria plazan, eta, jai giroan, goiz osorako egitarau batekin, Amara Berri eguna ospatuko dute. Txirula Mirula eskolako ikasleek saio bat egingo dute, Goratzar abesbatzak kantatuko du, txalaparta emanaldi bat izango da, Sin Fronteras taldea zuzenean ariko da, Amara Berriko Antzerki taldeak emanaldi bat egingo du, eta Easo Politeknikoko zumba taldea dantzatuko da. Gainera, Soinu Alaikoei esker, trikitixa izango da goizean, eta Ikasbide kultur elkarteko dultzaineroek ere alaituko dituzte auzoko kaleak.
Amara Berriko Auzo Mahaiak antolatuta, adin guztietarako jarduerak izango dira 10:00etatik 14:30era. Hainbat elkartek parte hartuko dute Amara Berri egunean. Amara Berri ikastetxeko guraso elkarteak, Chernobil Elkarteak, Ilunki Elkarteak, Kichwa Otavalo Kultur Elkarteak, Berritsu Amara Berriko Euskara Batzordeak, AEK eta Urrats euskaltegiek, Gobernu Zibila Kultur Etxe egitasmoak eta Amarako Denda dendarien elkarteak, besteak beste.
Egitaraua:
10:00 Egunaren aurkezpena: Olatz Linazisoro eta Xabier Otaegi.
10:30 Sin Fronteras musika taldea.
11:00 Goratzar abesbatza.
11:30 Txirula Mirula.
12:00 Amara Berri antzerki taldea.
12:30 Talka.
13:00 Easo Politeknikoko zumba taldea.