Euskal txirrindularien Tourreko pasarteak, Ander Izagirreren eskutik
2013ko Frantziako Tourra Bilbon abiatuko da uztailaren 1ean, eta Donostiatik pasako da hurrengo egunean. Guztira, hiru etapa jokatuko dira Euskal Herrian. Gaur jakinarazi dutenez, 2023ko Grand Départ Pays Basque egitasmoak Ander Izagirre kazetari eta idazle donostiarraren sinadura izango du. Txirrindularitza maite duen bidaiaria ere bada.
Izagirrek hainbat artikulu argitaratuko ditu Frantziako Tourreko euskal txirrindularien abenturei eta zoritxarrei buruz. “Garaipenak, tragediak, anekdotak, bitxikeriak… istorio horiek aberastu egingo dute ekitaldiaren zabalkundea, alderdi literarioago batetik, kirol arloaren osagarri gisa. Beste ikuspegi batetik, istorio harrigarriez gozatzeko aukera emango dute kontakizunek, horietako asko ezezagunak direnak. Tourreko lehen hildakoa, lehen euskal maillot horia, KASen zigilua, Lejarreta, Cabestany, Somarriba edo Belokiren ‘lehiak’… Kazetari donostiarrak unibertso liluragarri hau emango du ezagutzera”, azaldu dute.
Lehen kontakizuna dagoeneko irakur daiteke www.letour.euskadi.eus atarian. 1910eko Tourrean parte hartzeko Bilbotik Parisera bizikletan joan zen eta El Cojo gisa ezaguna zen Vicente Blanco bizkaitarraren istorioa da. Artikuluak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez argitaratuko dira, Tourrean euskal txirrindularitza eta bere historia nazioartean ere ezagutzera emateko.