Bizikletentzako garbiguneak jartzen hasi da udala
Donostiako Udalak Bizigarbi izena jarri die bizikletentzako garbiguneei. Lehena Intxaurrondo eta Altza artean dagoen Arrobitxulo parkeak izango du. Bidegorriaren ondoan egokitu dute garbigunearen eremua, eta aurki bukatuko dituzte lanak. Ur mahuka, bizikleta eusteko tresna eta garbiketarako osagarriak izango ditu.
Arrobitxulon ez ezik, laster beste garbigune bat jarriko dute Txominen, bidegorriaren ondoan. Hirugarrena, sinpleagoa izango da eta Altzako Harria parkean kokatuko dute. Goiko aldean barra batzuk dituen zutoin bat da, bizikleta jarri eta garbitu ahal izateko.
“Bizigarbi horiek hainbat gunetan jarriko ditugu, erabiltzaileei bizikletak errazago garbitzeko, hiriko, mendiko edo errepideko txirrindulariei. Doakoa izango da eta bizikletaren erabiltzaileek harrera ona egingo diotela uste dugu”, azaldu du Hiri Mantenuko zinegotzi Miguel Angel Diezek.