Intxaurrondo Bai, auzoko eskulturekin jolastu eta ikasteko topaketa
Intxaurrondon 90eko hamarkadan egindako hiru eskulturaren inguruan tailerrak egingo dituzte Ismael Iglesias, Jaime de los Rios eta Mikel R. Nieto sortzaileek.
Iaz egin zuten lehen aldiz Intxaurrondo Bai, arte garaikidea herritarrei gerturatzeko asmoz. Caradepan elkarteak antolatu zuen, eta harrera ona izan zuenez, aurten berriz egingo dute, azaroaren 5ean eta 6an.
Arte publikoaren inguruko topaketa bat da, eta parte hartzaileek auzoan bertan dauden lau eskulturaren inguruan tailerrak egiteko aukera izango dute. 1990eko hamarkadan sortutako eskulturak dira, auzoaren biribilgune eta plaza berrietan egin zirenak: Monolitoa, 57 taldearena; Siluetak eta Haurrak, Agustin Ibarrolarenak; eta Formak Hazkuntzan, Koldobika Jauregirena.
Hiru sortzailek gidatuta, eskulturak hobeto ezagutu, esperimentatu eta arteaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Horretarako, hainbat proposamen prestatu dituzte. Tailer hauek azaroaren 5ean izango dira, eta azaroaren 6an ibilbide gidatu bat egingo dute auzoko kaleetan zehar, eta Berta Lopez artista gonbidatuaren pieza bat erakutsiko dute. Lopezek Intxaurrondoko eskultura-ibilbideko laugarren pieza berrinterpretatuko du: 57 taldearen Monolitoa.
Tailerrak aldi berean egingo dira azaroaren 5ean, 10:00etatik 13:00etara. Askotariko aukerak izango dira. Jaime de los Rios artista donostiarrak ispiluak erabiliko ditu, eta parte hartzaileak gonbidatuko ditu ispiluekin jolastera eta hauek sortzen dituzten efektuekin esperimentatzera. Agustin Ibarrolaren Ume Jolas eskulturan egingo dute Zugandik infinitura izeneko tailerra.
Kaleko artearen inguruan gogoeta egiteko tailerra izango da Ismael Iglesiasena: Street Fighter. Pintura bonbak, koltxoiak eta bestelako euskarri urbanoak erabiliz, Ismael Iglesiasek hausnarketak, poesiak, pentsamenduak, esaldiak edo hitzak idaztera gonbidatuko ditu parte hartzaileak, eta kaligrafia eskala handian praktikatzeko aukera izango dute. Koldobika Jauregiren Formak Hazkuntzan obraren inguruan lan egingo dute.
Mikel R. Nieto artista donostiarrarekin espazio publikoetan soinuarekin esku hartzeko moduak esploratuko dituzte. Irrati-praktikaren bidez, Nietok Gabriel Zelaia plazak izango duen “soinu-mapan” parte hartzea proposatuko du. Plazan Agustin Ibarrolaren Siluetak eskultura dago, eta honen inguruan lan egiteko parte hartzaileen soinuak, zaratak eta ahotsak erabiliko ditu.
Tailerretan parte hartzeko, izena eman behar da aurretik info@caradepan.org helbidera idatziz. Urriaren 31 izango da izena emateko azken eguna.