Union Artesanaren haur danborradak 120 kide izango ditu
Dagoeneko pertsonaia guztiak banatu dituzte, eta entseguekin abendua erdialdean hasiko dira.
150. urteurrenaren harira, Union Artesanak haurren konpainia sortu du. 120 kide izango ditu, baina 170 baino haur gehiagok eman dute izena. Bazkideen senideek zuten lehentasuna konpainiako kide izateko, eta izena emandako guztiak sartu ahal izan dituzte. Libre zeuden tokiak zozketa bidez osatu dituzte, eta egokitu zaienei gaur jakinaraziko diete.
Union Artesanako haur danborradaren desfilea 2023ko urtarrilaren 19an izango da, San Sebastian egunaren bezperan. 18:00etatik 20:15era bitarte ibiliko dira Parte Zaharreko kaleetan. Kresala eta Gaztelubide elkarteekin bilera bat egin behar dute ibilbidea zehazteko, eta danborrada bakoitzak normaltasunez desfilatu dezan.