Beldurrezkoa ez ezik, kanibala ere izango da
'Irati' filmak inauguratuko du zinema jaialdia, eta bigarren proiekzio bat izango du azaroaren 4an, Viktoria Eugenia antzokian.
Hilaren 28tik azaroaren 4ra egingo da 33. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren astea. Aurtengoa, ordea, “aste kanibala” ere izango dela ohartarazi du Josemi Beltran jaialdiaren zuzendariak: “Menuan film gordinak eta delikatuak izango ditugu. Zapore guztietakoak ikus-entzule mota guztientzat. Asiako janaritik AEBetako hanburgesara bitarteko eskaintza prestatu dugu. Festa handi bat zinemazaleen gosea asebetetzeko”.
Guztira, 32 film luze, 30 labur eta telesail bateko 3 atal proiektatuko dira guztira. Paul Urkijok zuzenduriko Irati filmak inauguratuko du jaialdia –Sitgeseko ikusleen saria irabazi berri du– hilaren 28an, eta Abyzou filmak emango dio bukaera azaroaren 4an. Azken egun horretan, Irati bigarrenez proiektatuko dute Viktoria Eugenia antzokian.
Zazpi eguneko egitaraua “buffet baten antzekoa” eta askotarikoa izango dela adierazi du Beltranek: “Kanibalak, otso gizon-emakumeak, mamuak, heroi galaktikoak, euskal mitologia eta Edgar Allan Poe izango dira protagonistak”. Egitaraua osorik hemen topatuko duzue.
Kanibalismoari loturikoa eta San Tomas egunean oinarriturikoa izango da asteari hasiera emango dion kaleko festa klasikoa. Hilaren 29an izango da, Bulebarreko kioskoaren inguruan. Han jarriko dute Azokanibal agertokia: kalejira pagano bat, makillaje tailerrak eta eskulanetakoak, antzerkia… biltzen dituen azoka bat.
Proiektatuko dituzten hainbat film nabarmendu ditu zuzendariak. Esaterako, Zorion Egileor aktore euskalduna protagonista duen Viejos eta Unicorn Wars animaziozko euskal ekoizpena. Beste hainbat ere aipatu ditu: Venus filma eta REC sagari buruzko dokumentala, American Carnage estatubatuarra –Nerea Torrijos bizkaitarra arduratu da jantzien diseinuaz eta Gina Ortega da protagonista–, Quentin Dupieux frantziarraren Fumer fait tousser eta Incroyable mais vrai lanak, Neil Marshall ingelesaren The Lair, Aaron Moorhead eta Justin Benson zinemagileen Something in the dirt, Fantasia jaialdian saritutako Megalomaniac, Mad Heidi esanguratsua, Vesper, Ravens Hollow eta Feed me.
Sarreren eta abonuen salmenta
Bihar, 11:30ean jarriko dira salgai abonuak Antzoki Zaharreko leihatilan, eta presentzialki bakarrik eskuratu ahal izango dira –pertsona batek lau abonu gehienez–. Hilaren 24an, astelehenean, sarrera solteak jarriko dira salgai, ordu berean, Antzoki Zaharreko eta Viktoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta Donostia Kultura webgunean.