"Rola tresna gisa erabili daiteke gaur egungo gizartea aztertzeko"
Ofizialki sortu berri duten Rolariak elkarteko kidea da Pello Gutierrez. Gaurtik igandera bitarte, Beldurrola jardunaldiak egingo dituzte Donostian.
Zazpi T’erdi ekoiztetxearekin egindako ikus-entzunezkoengatik da ezaguna Gutierrez. Donostiako Zinemaldian eta beste jaialdi batzuetan parte hartu izan du. Zinemagintza ez ezik, rol mundua ere asko gustatzen zaio. Are gehiago, txikitatik. Horregatik, bat egin du Rolariak elkartearekin, eta ezarri duten helburuarekin: rola euskaraz sustatzea.
IRUTXULOKO HITZAk zinemagile eta rolari donostiarra elkarrizketatu du. Hona hemen bihar argitaratuko den elkarrizketaren pasarte batzuk:
Rolariak izeneko elkartea sortu berri duzue. Zer da?
Euskaraz rolean jokatzeko sortu dugun elkarte bat da. Gure helburua da jokoen bidez euskara eta euskarazko rol jokoak sustatzea. Jokoen itzulpenak egiten ditugu, batez ere, jokoetako pertsonaien orrienak. Joko berriak ere sortzen ditugu. Gainerakoan, jolastea edo jokatzea gustuko dugu. Horrekin ere badugu gure barne eztabaida. Nola esaten den, alegia. ‘Rolean jokatu ala jolastu egiten da?’ galdetzen diogu geure buruari.
Elkarte ofizial gisa oraintxe sortu dugu, duela astebete, zehazki. Berez, 2018ko maiatzean sorturiko Telegram talde baten ondorioa da Rolariak. Itxialdian jende gehiago batu ginen kanalera, eta ni orduan sartu nintzen. Rolean aritzen zen jendea eta euskaraz egin nahi zuena elkartzen hasi ginen. Rolariak Donostian sortu badugu ere, Euskal Herri osokoa da.
Gazteekin, frikiekin eta baita heavy metal zaleekin ere lotu ohi dira rol jokoak. Nahiko estigmatizatuta jarraitzen dutela uste duzu?
Hori aldatzen ari dela iruditzen zait. Asko, gainera. Kultura frikia mainstream bilakatu da, nolabait. Netflix plataforman ospetsu bihurtu diren telesailek kultura frikiarekin dute lotura. Horren erakusgarri da Stranger things fenomenoa. Pop kulturaren parte bilakatu da lehen baztertuagoa zegoen mundu friki hori. Halere, ezin esan hau guztia kontu berria denik. Eraztunen jauna eta Harry Potter aspaldiko fenomenoak dira, eta beti izan dira nahiko popularrak.
Rol jokoek goraldi moduko bat izan dute aipatu berri duzun ‘Stranger things’ telesailari esker. ‘Dungeons & Dragons’ rol joko beteranoarekin lortu dute hori. Rol jokoen fenomenoa suspertu du?
Ez dakit susperraldi bat izan den, baina egia da pertsona gehiagoren interesa piztu duela. Rol jokoak zer ziren ez zekiten pertsonak mundu horretara hurbildu dira, aipaturiko telesailarengatik eta beste batzuengatik. Gurean, berriz, esango nuke Atopia rol jokoak nolabaiteko interesa piztu zuela. Durangoko Azokaren beka jaso zuenean, sekulako ikusgarritasuna eman zien rol munduari eta euskarazko rol jokoei. Atopia rol joko tradizionaletatik aldentzen da. Gaur egungo gai sozialei buruz aritzen delako. Horrek ekarri du beste jende mota bat rol mundura erakartzea. Ez bakarrik fantasia eta friki mundutik datorrena, baita euskaltzale mundutik datorrena ere. Egia esan, rola tresna gisa erabili daiteke gaur egungo gizartea aztertzeko.
Beldurrola jardunaldiak egiten ari zarete egunotan, Beldurrezko Astearekin elkarlanean. Rolariak elkarteari ikusgarritasuna emateko balioko du?
Bai, baina bigarren mailako helburu gisa. Aldiz, xede nagusia da euskaraz rolean egin daitekeela ezagutzera ematea Donostian. Nire ustez, badago rol tradizioa hirian, baina euskaraz oso aukera gutxi egon dira orain arte. Beldurrola izena jarri badiogu ere, ez dugu inor beldurtzerik nahi. Hau da, rol mundua erakusteko prest gaude ezagutu nahi duen edonori.