Donostiako Udaleko garbitzaileak grebara joango dira urriaren 26an
Donostiako Udaleko eraikinak garbitzeaz arduratzen den FCC Medioambiente enpresako langileek greba egingo dute urriaren 26an, ELA, ESK eta CCOO sindikatuek antolatuta. Azpikontratatutako enpresaren langileek udalari eskatu diote bertan behera utz ditzala abuztuan argitaratutako azken pleguak –zerbitzua astean ia 300 orduz murriztuko ditu, ELAk azaldu duenez–, eta partida ekonomikoa handitzea “soldata arrakala ezabatzeko eta KPI bermatzeko”.
Urtebete baino gehiago da langileek beren aldarrikapenak udalari helarazi zizkiotela, udalak pleguetan txerta zitzan. Hala ere, haien eskaerei erantzun beharrean, Udalak zerbitzua murriztu du. “Haurtzaindegietako zoruak hiru egunean behin baino ez ditugu garbituko? Hori al da kalitatezko zerbitzua ematea, hori al da sektorea duintzea? Nola da posible 2021ean ia 92 milioi euroko irabaziak izan zituen enpresa batek soldatak izoztea planteatzea?”.
Udalak sektore feminizatuak “bere irudia zuritzeko tresna politiko gisa erabiltzea” salatu dute langileek: “Udal Gobernu talde honek martxoaren 8ko txapa morea baino ez du feministatzat. Guk ez dugu propagandarik behar, baizik eta benetako politikak sektore feminizatuen prekarizazioarekin eta soldata arrakalarekin amaitzeko, behingoz benetako berdintasuna lortzeko”.