"‘Rolean jokatu ala jolastu egiten da?’ galdetzen diogu geure buruari"
Ikus-entzunezkoen munduan dihardu lanean, eta eman dituen elkarrizketa gehienak bere bizibidearekin dute lotura. Dena dela, Pello Gutierrezek (Amara, 1979) badu asko bizi duen beste zaletasun bat: rol jokoak. Hau da, rolaria da, eta berriki Rolariak elkartearen sorrera ofizialean parte hartu du. Egunotan Beldurrola jardunaldiak egiten ari dira, rolean euskaraz aritzea sustatu nahi dutelako.
Noiz barneratu zinen rol jokoen munduan?
Nire ustez, 1990. urtearen inguruan izango zen, 11 urte nituenean. Oraindik ez nekien gehiegi zer ziren joko horiek, baina The Neverending Story (Istorio amaiezina) eta The Lord of the Rings (Eraztunen jauna) liburuak irakurri nituenean, fantasia munduarekin liluratu nintzen. Gogoan dut hasieran miniatura txikiekin xake taula batean bakarrik jokatzen nuela, oraindik rol jokoetara nola jokatzen zen jakin gabe.
Zerk erakarri zintuen rol jokoetara?
Gaztetan fantasiazko munduetan nenbilen. Gaur egun, ordea, ez nau gehiegi erakartzen mundu horrek. Saturazioagatik izango da. Dena dela, ‘aukeratu zure abentura’ moduko liburuek istorio bat interaktiboa izan daitekeela erakutsi zidaten. Rolarekin istorio bat kolektiboki eta bat-batean kontatu daitekeela konturatu nintzen.
Zein izan zen jokatu zenuen aurreneko rol jokoa?
The Lord of the Rings (Eraztunen jauna) jokoa baneukan, baina 11 urteko gazte batentzat konplexuegia zen. Irakurtzen nuen, liluratuta, bere sekretuak aurkitzeko, baina urte batzuk beranduago jokatu nuen. Aquelarre jokoan aritu ginen jokoan 11 urterekin. Iberiar penintsulako Erdi Aroan gertatzen den joko iluna da, kristautasunari eta deabruei buruzkoa. Oraintxe laugarren edizioa prestatzen ari dira.
Zure hitzetan, zer da rol joko bat?
Mahai baten inguruan imajinazioaren bitartez istorio bat kolektiboki kontatzea da rol joko bat. Jokalari bakoitzak pertsonaia baten ekintzak eta hitzak adierazi behar ditu, eta jokoaren gidariak egoera desberdinetan kokatzen ditu pertsonaia horiek. Giro eta mota askotako rol jokoak daude, jokalari mota bakoitzarentzat aproposak. Sistema aldetik badira joko narratiboagoak, eta beste batzuk taktikoagoak. Gaiak, berriz, askotarikoak dira: fantasiazkoak, beldurrezkoak, umorezkoak eta historiaren garai desberdinetan kokatuak, besteak beste.
Hain zuzen ere, rol jokoak, batez ere, fantasiarekin eta zientzia fikzioarekin lotu ohi dira. Genero horien zalea zara?
Egia esan, rol jokoetan hasi nintzen garaian fantasia oso gogoko nuen. Gaur egun fantasia albo batera utzita daukat, eta ez nau hainbeste erakartzen. Esan moduan, saturazioarengatik izan daiteke. Ez ditut jarraitzen gaur egungo fantasiazko idazle garrantzitsuak. Esaterako, Brandon Sanderson eta antzerakoak.
Beldurrezko eta zientzia fikziozko generoen zaleagoa naiz, gaur egungo arazoak ondo erakusten dituztelako. Mariana Enriquezen Nuestra parte de noche asko gustatzen zait, eta baita ere China Mievilleren The city and the city eta Mark Z. Danielewskyren House of leaves. Noski, klasikoak ere asko maite ditut: Mary Shelley, Bram Stoker, Ursula K. Lewin, Margaret Atwood, Isaac Asimov, William Gibson, Stanislav Lem eta H. P. Lovecraft.
Eta zeintzuk dira zure rol joko estimatuenak?
Ohiko gaiak jorratzen dituzten jokoak interesatzen zaizkit asko: Brindlewood bay, Miss Marple eta Se ha escrito un crimen estiloko abenturak, adineko emakume batzuek kostaldeko herri txiki batean misterioak argitzen dituztenak. Baita ere Trueque, beldurrezko istorioak garatzeko rol joko bat, gidariaren eta jokalarien kontrola oso ondo orekatzen dituena.
Zein rol joko iruditzen zaizu egokia mundu horretan barneratzeko?
Jokalari moduan edozein izan daiteke. Maizter zein gidariak gidatzen bazaitu, jokalariak ez du ezer berezirik jakin behar. Maizter gisa aritzeko sistema erraza daukan joko bat proposatuko nuke. Adur euskal jokoak, adibidez, oso sistema erraza dauka eta Erdi Aroko euskal mitologian girotua dago.
Rolariak izeneko elkartea sortu berri duzue. Zer da?
Euskaraz rolean jokatzeko sortu dugun elkarte bat da. Gure helburua da jokoen bidez euskara eta euskarazko rol jokoak sustatzea. Jokoen itzulpenak egiten ditugu, batez ere, jokoetako pertsonaien orrienak. Joko berriak ere sortzen ditugu. Gainerakoan, jolastea edo jokatzea gustuko dugu. Horrekin ere badugu gure barne eztabaida. Nola esaten den, alegia. ‘Rolean jokatu ala jolastu egiten da?’ galdetzen diogu geure buruari.
Elkarte ofizial gisa oraintxe sortu dugu, duela astebete, zehazki. Berez, 2018ko maiatzean sorturiko Telegram talde baten ondorioa da Rolariak. Itxialdian jende gehiago batu ginen kanalera, eta ni orduan sartu nintzen. Rolean aritzen zen jendea eta euskaraz egin nahi zuena elkartzen hasi ginen. Rolariak Donostian sortu badugu ere, Euskal Herri osokoa da.
Donostian rol jokoekiko zaletasuna dago?
Nik esango nuke baietz. Donostia da euskal hiriburuetatik euskaldunena. Rol jokoetara euskaraz jokatzeko aukera gehiago dago Donostian. Rol zaletasuna ere badago. Ebla, Generacion X eta Armageddon liburu dendak ditugu Donostian. Denda horien inguruan rola mugitzen da, eta partidak jokatzen dira. Nik gogoan dut 1990eko hamarkadan bazeudela jardunaldiak eta abar. Hori pixka bat lausotu da. Rolariak elkartea hori suspertzeko sortu da ere. Elkartea osatzen dugun gehienak Donostia inguruan bizi gara, eta aurrez aurreko ekitaldi fisikoak hemen egiten ditugu. Esaterako, Rolaldia jardunaldiak. Lehen edizioa online egin genuen, pandemiarengatik. Aldiz, iazko bigarrena erdia sarean eta beste erdia aurrez aurre izan zen. Egiako Ebla liburu dendan hainbat partida antolatu genituen.
Gazteekin, frikiekin eta baita heavy metal zaleekin ere lotu ohi dira rol jokoak. Nahiko estigmatizatuta jarraitzen dutela uste duzu?
Hori aldatzen ari dela iruditzen zait. Asko, gainera. Kultura frikia mainstream bilakatu da, nolabait. Netflix plataforman ospetsu bihurtu diren telesailek kultura frikiarekin dute lotura. Horren erakusgarri da Stranger things fenomenoa. Pop kulturaren parte bilakatu da lehen baztertuagoa zegoen mundu friki hori. Halere, ezin esan hau guztia kontu berria denik. Eraztunen jauna eta Harry Potter aspaldiko fenomenoak dira, eta beti izan dira nahiko popularrak.
Rol jokoek goraldi moduko bat izan dute aipatu berri duzun ‘Stranger things’ telesailari esker. ‘Dungeons & Dragons’ rol joko beteranoarekin lortu dute hori. Rol jokoen fenomenoa suspertu du?
Ez dakit susperraldi bat izan den, baina egia da pertsona gehiagoren interesa piztu duela. Rol jokoak zer ziren ez zekiten pertsonak mundu horretara hurbildu dira, aipaturiko telesailarengatik eta beste batzuengatik. Gurean, berriz, esango nuke Atopia rol jokoak nolabaiteko interesa piztu zuela. Durangoko Azokaren beka jaso zuenean, sekulako ikusgarritasuna eman zien rol munduari eta euskarazko rol jokoei. Atopia rol joko tradizionaletatik aldentzen da. Gaur egungo gai sozialei buruz aritzen delako. Horrek ekarri du beste jende mota bat rol mundura erakartzea. Ez bakarrik fantasia eta friki mundutik datorrena, baita euskaltzale mundutik datorrena ere. Egia esan, rola tresna gisa erabili daiteke gaur egungo gizartea aztertzeko.
Dena dela, rol mundua ez da oso euskalduna, eta hori bera da zuek proposatzen duzuena. Hau da, euskarazko rol partidak egitea, ezta?
Horrela da, bai. Izan ere, rol jokoetan ezaguna zaigun errealitate bat gertatzen da. Mahai baten inguruan sei pertsona elkartu daitezke jokatzeko, eta seitik batek euskaraz ez badaki, partida gaztelaniaz egin behar da. Gure apustua euskarazko rola sustatzea da, eta partidak euskara hutsean egin ahal izatea.
Rol joko ezagun asko euskarara itzuli dituzue?
Bere osotasunean, ez. Normalean pertsonaien orriak eta taulak itzultzen ditugu jokatu ahal izateko. Behintzat mahai gainean dauden elementu guztiak euskaraz izatea garrantzitsua da. Rol joko bat itzultzea sekulako lana da, eta, gainera, baimen kontuekin topo egingo genuke. Rolariak elkartearen webgunean joko batzuen materiala dago, nahieran erabiltzeko.
Euskarazko rol joko gutxi daude. ‘Adur’ da aitzindaria?
Ez, euskaraz propio idatzitako lehendabizikoa Atopia izan zen. Eneko Azedok Adur lehenagotik zuen esku artean, baina liburu batean argitaratu gabe zegoen. Atopia kaleratzeak eman zion Azedori jokoa bukatzeko bultzada. Berez, badago beste rol joko bat aurretik plazaratu zena: Antzinako eskola. Halere, La vieja escuela jokoaren itzulpena da. Bilboko batzuek sortu zuten gaztelaniaz, eta beste hainbat hizkuntzetara itzuli dute.
Atopia-ren sortzaileek beti diote rol joko bat egitekotan, ez zirela euskal mitoetan oinarrituko. Hori jorratuegia dagoela esan izan dute. Horrek ez du esan nahi euskal mitologiari buruzko rol jokorik behar ez denik. Adur jokoa da horren eredu.
‘Pastorola’ da euskarazko beste rol joko bat, eta zuk sortu duzu.
Aitortu behar dut nahiko berezia dela. Niri pastoralak asko gustatzen zaizkit. Baita kultura tradizionalaren manifestazioak ere. Pastoralak duen berezitasuna da egitura oso zurruna duen arren, edozein gairi buruzkoa izan daitekeela. Gainera, urdinak eta gorriak daude, pertsonaia onak eta txarrak, eta jelkaldietan banatzen da. Iruditzen zait rolera oso erraz eraman zitekeela hori.
Horregatik, Pastorola sortu nuen. Pastoralen egitura narratiboa hartu eta mahai baten inguruan istorio propioak sortzeko balio du. Denbora lerro bat dago, eta lerro horretan pertsonaia nagusi baten jaiotzetik heriotzara bitarteko bizitza kontatuko dugu. Inork ez dakigu zer gertatuko den, soilik jaiotza eta heriotza data. Kontatzen duzun istorio hori zientzia fikziozkoa, duela 500 urtekoa edo gaur egungoa izan daiteke. Atalka jokatzen da, baina ez kronologikoki.
Euskarazko beste rol jokorik ba al da?
Badaude, bai. Azken hilabeteotan argitaratu dira Makina maixu umorezko komikia eta rol jokoa, eta, GudaMailu, Warhammer munduan oinarriturikoa. Oso desberdinak dira. Bestalde, online jokatzeko badaude beste rol joko batzuk. Besteak beste, Argiak Kamera Ekin!, Koroaren Kondairak, Tempora Arcana, Berorren esanetara, Xagutxoak Hormetan eta Blackhill Valley-ko sekretua. Eta laster beste joko batzuk aurkeztuko dituzte. Horietatik, Sherlock Holmes karlista eta Centauri aipatuko nituzke.
Joko bakoitza desberdina da. Partida bakoitzak zer nolako iraupena du?
Normalean, bi eta hiru ordukoa. Askoz gehiago luzatu daiteke, bost ordura iristeraino. Pastorola-ri dagokionez, nik gomendatzen dut pastoral baten iraupena izatea, gehienez. Hau da, bi eta bost ordu artekoa. Gutxienekoa bi ordukoa da, pertsonaiak garatzeko denbora behar delako. Aldiz, hiru eta sei pertsona inguru dira mahai inguruan elkartzen diren jokalariak.
Beldurrola jardunaldiak egiten ari zarete egunotan, Beldurrezko Astearekin elkarlanean. Rolariak elkarteari ikusgarritasuna emateko balioko du?
Bai, baina bigarren mailako helburu gisa. Aldiz, xede nagusia da euskaraz rolean egin daitekeela ezagutzera ematea Donostian. Nire ustez, badago rol tradizioa hirian, baina euskaraz oso aukera gutxi egon dira orain arte. Beldurrola izena jarri badiogu ere, ez dugu inor beldurtzerik nahi. Hau da, rol mundua erakusteko prest gaude ezagutu nahi duen edonori.
Ofizioz ekoizlea eta zinemagilea zara. Pentsatu duzu dokumentalen bat egitea rol jokoen inguruan?
Elkartzeko bi mundu konplexu dira. Dokumental bat egin daiteke rol jokoei buruz, noski. Halere, rol partida batean sortzen den emozio hori ikus-entzunezkoen bidez islatzea oso zaila da. Rol jokoetatik asko interesatzen zaidana da istorio bat kontatzeko eta egituratzeko modu bat proposatzen dutela. Gainera, era kolektiboan. Hori asko interesatzen zait.
Zazpi T’erdi ikus-entzunezko kolektiboan ari zara lanean. Une honetan, zer duzue esku artean?
Proiektu berriekin lanean gabiltza. Batetik, haurrentzako fikziozko film bat, irudi errealekoa. Bestetik, dokumental bat prestatzen gabiltza, datorren urtean filmatuko duguna: Zikuñagako ama.