Saregileak, une batez kaira bueltan
Euskal Itsas Museoak, Ondarearen Nazioarteko Jardunaldien barruan, sareak konpontzen ikasteko ikastaroa antolatu du. Horren bidez, Donostian mendeetan zehar eta duela gutxira arte oso ohikoa izan den lanbidea ezagutarazi nahi diete parte hartzaileei.

Gaur egun, Donostian saregileen lana desagertuta badago ere, mendeetan zehar ohikoa izan da hiriko emakumeak arrantzaleen sareak konpontzen ikustea. Donostiako kaiak une batez bere betiko izaera berreskuratuko du Euskal Itsas Museoaren egitasmo baten bidez. Izan ere, urriaren 29an, 10:30etik 13:00etara, saregileak kaiko arkupeetan sareak konpontzen arituko dira, eta parte-hartzaile orori sareak nola josten diren erakutsiko diete.
Jose Maria Merinok Emakumea Donostiako arrantza esparruan artikuluan azaltzen duenez, saregileak oso gaztetatik hasten ziren lanean, 13 urterekin edo gutxiagorekin. Familia giroan ikasten zuten sareak josten, eta, bestela, maestresak irakasten zien.
Itsasontzi bakoitzak bere saregileak zituen. Etxeko emakume kopuruaren arabera bat edo bi izaten ziren normalean, baina sareak oso hondatuta bazeuden, emakumeak taldeka biltzen ziren horiek konpontzeko. Normalean, saregileak lurrean edo aulkitxo edo ipurtola batean esertzen ziren. Hankak zuzen jarri, eta hanka bat bestearekin gurutzatzen zuten, sarea tinko mantendu eta behar bezala josi ahal izateko. Emakume askok amantala janzten zuten, orratzak eta hariak poltsikoan gordetzeko.
Sareak kotoizkoak zirenean, ondo lehortu behar izaten ziren, eta urtean hamar bat aldiz tindatzen zituzten. Tindatatzailea Teresa izeneko emakume bat zen. Arranpan jarritako tina edo lapiko batean tindatzen zituzten, eta, jarraian, Kaiko soto gainean, moiletan edo Pasealeku Berrian lehortzen zituzten.
Saregileen gainbehera Kaiko jardueraren beherakadarekin batera etorri zen. Azken saregileak 2012an Aita Joxe ontzia Hondarribiara saldu zenean desagertu ziren. Emakume horiek Orion eta Pasaian kontratatu zituen barkuaren armadoreak, Guillerma Iturriza donostiarrak.