Xabier Atristain presoaren aldeko adierazpena onartu du Donostiako Udalak
Gaur goizean Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Batzordean, Xabier Atristain preso donostiarraren egoerari buruz Erakunde Adierazpena onartu dute, EAJren, EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren aldeko botoei esker. PSE-EE abstenitu egin da eta Alderi Popularrak aurka bozkatu du. Adierazpena datorren astearteko Bozeramaile Batzordean berretsi beharko da.
Batzordean Iñaki Oiarzabal Sareko eledunak hartu du parte. Adierazi duenez, beste hamahiru preso ohi daude egoera berean, eta “atzerakada” izugarria litzake. Tartean daude Mikel San Argimiro donostiarra eta Donostian bizi den Joseba Arregi oñatiarra.
Adierazpenean gogora arazten da duela hilabete batzuk, Europako Justiziak epai bat eman zuela Espainian hartutako erabaki judizial baten kontra. Epai horretan salatzen zen preso hau bere deklarazioa oinarritzat hartuta epaitu eta zigortu zutela, zegokion laguntza judiziala izan gabe eta torturak jasan zituela salatu ondoren.
Martuteneko espetxeko tratamendu batzarrak birritan helarazi dio Espetxeetako Administrazioari, berrets zezan, Xabier Atristaini hirugarren gradua ezartzeko eta baldintzapeko askatasuna emateko –eskumuturreko telematikoarekin– proposamena.
Donostiako Udalak bere kezka adierazi du Fiskaltzak espetxe-organoek hartutako ebazpenen aurka behin eta berriro errekurtsoak jartzen dituela eta. Izan ere, kontuan hartu behar da organo horiek direla presoek espetxean duten bilakaera ondoen ezagutzen dutenak.
Hori dela eta, adierazpenean eskatzen da, ebazpen judizialek merezi duten errespetua aintzat hartuta, ebazpen horiek bateragarriak izan daitezela Espetxeetako Administrazioko organoen erabakiekin, gradu progresioak eta espetxeko baimenak arau izan daitezen, eta ez salbuespena.