Anna Akhmatova euskarara ekarri du Josu Landak
Anna Akhmatova (Ukraina, 1889- Errusia, 1966) poetaren lana ekarri du euskarara Josu Landak (Altza, 1960), Kaierak bildumaren baitan. Aurkezpenean azaldu dutenez, “mito bikoitza” da Akhmatova: poesiaren kalitateagatik, batetik, eta jasan zuen jarraipenagatik, bestetik –¡ezer argitaratzea debekatu zion aginte sobietarrak 1920ko hamarkadaren erdialdetik aurrera–.
Maialen Berasategi bildumaren zuzendariak hitzaurrean jaso duenez, akmeismo izeneko mugimendu literarioan sailkatu izan dute Akhmatova adituek, beste izen handi batzuekin batera: Nikolai Gumilev eta Osip Mandelstam, artean. “Ordura arteko sinbolismoaren kontrakarrean, poesia lurtarragoa egin nahi zuten akmeistek, hitzaren artisautzat jota beren burua, eta Akhmatovak ere hizkera poetiko konkretua eta gardena hautatu zuen”.
Itzulitako lanak hiru zati ditu: aurrenekoan, 28 poema solte daude; ondoren, Requiema poema ezaguna dago; eta, bukatzeko, Heroirik gabeko poema-ren zati bat. Azken horiek haren bi obra ospetsuenak dira.
Anna Akhmatovak Kieven Zuzenbide ikasketak egin zituen eta Literatura ikasketak San Petersburgon. Italia eta Frantzian barrena bidaiak egin zituen 1910-1912 urteetan, eta Parisen ezagutu zuen Modigliani pintorea, Akhmatovarengan eragin berezia izan zuena. Nikolai Gumiliov poeta eta senarraren gogoz kontra, 1912an argitaratu zuen lehen poema liburua: Arratsaldea. Akhmatovaren semea urte luzez espetxeratua eduki zutenean, Requiem poema handi eta ezaguna idatzi zuen 1940an; semearekin ez zen 1944ra arte berriz elkartu, naziek setiatu osteko Leningrado suntsituan. Akhmatovaren obra zenbait: Errosarioa (1914), Itsas ondoan (1914), Bandera zuria (1917), Heroirik gabeko poema (1960), Denboraren joana (1965).
Azaldu dutenez, “Requiema da, beharbada, Akhmatovaren poemarik ikonikoena. Asko zirkulatu zuen ahoz aho”. Espetxe baten aurrean semearen berri jakiteko ilaran zain egoteak inspiratu zuen. Heroirik gabeko poema luzea, berriz, «zuzentzen eta hobetzen» saiatu zen hil artean.